Antolaketa

 

Komenigarria da gobernurako printzipio batzuk idaztea eta tresna batzuk diseinatzea, tokiko hautetsien jokabideak finkatzeko eta kudeaketa txarra saihestuko duen etika publiko bateratua konfiguratzeko, ustelkeriazko balizko jarduerak albo batera utziko baititu eta, aldiz, praktika onak orokortuko ditu.

 Udalen kudeaketan tokiko hautetsien zeregina funtsezkoa da sistema demokratikoaren funtzionamendurako, herritarrengandik gertu baitaude; hori dela eta, zeregin hori arduraz egin behar da, gizartea zerbitzatzeko borondatez, gardentasunez, eraginkortasunez eta euren funtzio publikoei erabateko dedikazioa eskainiaz.

Dena dela, sistema demokratikoak kudeaketa txarrak eta ustelkeria jasan behar izaten ditu zenbaitetan, kudeaketan eta herritarrekiko harremanetan ez da gardentasunik egoten eta horren ondorioz, kargu hautetsiak gizarte errealitatetik urrundu egiten dira, interes pribatuekin elkar hartzen dute eta oposizioak ez du kudeaketa kontrolatzeko adina bide izaten.

Ezohiko kasuak izan arren, horrelako gertakariek demokrazia kaltetu egiten dute eta Erakundeen eta politikarien sinesgarritasuna txikitu ere bai. Horiek horrela, tokiko demokraziaren funtzionamendu onari hitza eman beharra dago eta hor sakondu beharra dago jokabide zuzen, garden eta parte hartzaileekin.

 Egia esan, tokiko gobernuak gure garaiko aldaketen protagonista izan gara eta aurrerapen kolektiborako, garapen iraunkorrerako eta aukera-berdintasunerako eraldaketa ekonomiko eta sozialentzat funtsezkoak izan gara gure herrialdean.

Gura Udalei esker, berdintasunerantz eta gizarte justiziarantz urratsak eman ditugu, gure demokrazia eta parte hartzeko formula berriak finkatu eta garatu dira eta herritarrek euren askatasunak eta eskubideak erabili ahal izan dituzte, belaunaldi berriko eskubideak sustatu dituzte, gizon eta emakumeen arteko berdintasunean ekarpen aktiboa izan dute, genero indarkeriaren aurkako borrokan ere bai, herritar guztien egiazko berdintasunean, mendekoen zaintzan eta arretan, enplegua sortzean, langileen etengabeko prestakuntzan, gizarte kohesioa indartzean, ongizate estatua finkatzean eta elkartasunean eta garapenerako lankidetzan.

 Beraz, tokiko esparrua ekintza politikoaren eta etorkizuneko demokraziaren espazio estrategikoa da, baita herritarren eskubideak garatzeko espazio estrategikoa ere eta belaunaldi berriaren gizarte eskubideak egia bihurtzeko aukera. Baliabide hauekin, ezagutza honekin, Tokiko Gobernu Onaren Kode honen garapena sustatu nahi dugu.

Hori dela eta, beharrezkoa da akordio bat, eta aurrekari hauek gogoan izanda gutxienez hauek jaso behar ditu akordio horrek:

TOKIKO GOBERNU ONAREN KODEAREN PRINTZIPIOAK

  • Iurretako hautetsiak gure funtzioak betetzean ordenamendu juridikoaren arabera arituko gara eta Tokiko Gobernu Onaren Kode honetako jokabideetara egokituko dugu gure jarduera.
  • Gure jardueren gidari eraginkortasuna, Administrazioaren modernizazioa eta herritarrei zerbitzu ona eskaintzea izango dira; eta denen interesak defendatuko ditugu leialtasunez, objektibitatez, inpartzialtasunez, isilekotasunez, zorrotz eta herritarrengandik gertu egonda.
  • Kudeaketa ereduak hobetzeko ekarpenak egingo ditugu eta herritarrei Tokiko Gobernu ona ziurtatuko diegu berdintasunaren eta elkartasunaren berme gisa, etika publikoarekin eta demokraziaren kalitatearekin konpromisoa izango dugu herritarrengandik gertueneko kudeaketa esparruan.
  • Tokiko ordezkariok gardentasuna eta demokrazia parte hartzailea sustatuko ditugu.
  • Pobreziaren alde egingo dugu lana, gizarteratzearen alde eta lurralde orekaren alde; herritarrei zerbitzuak gerturatuko dizkiegu eta udalerri osoan modu ekitatiboan banatuko ditugu.
  • Herritarren borondatea errespetatuko dugu eta zintzotasun politikoz arituko gara.
  • Giza eskubideak errespetatuko ditugu eta errespetaraziko ditugu, balio zibikoak bultzatuko ditugu eta gure parte hartzeetan errespetuzko tonu adeitsua erabiliko dugu nahiz Udaleko kideekin nahiz herritarrekin eta hauei euren eskubideak erabiltzeko eta betebeharrak betetzeko bideak erraztuko dizkiegu.
  • Hautetsiok ez ditugu gure funtzioak edo karguko abantailak erabiliko geure edo hirugarrenen interes pribatuen mesedetan, faboritismoak galaraziko ditugu eta norbere mesedean agintaritza erabiltzea ere bai.
  • Tokiko hautetsiek ez dute onartuko erakundeen edo pertsonen oparirik, kortesiaren mugak gainditzen badituzte.
  • Tokiko politiken helburu nagusien artean sartuko dugu aldaketa klimatikoaren aurkako borroka, ingurumenaren babesa eta lurraldearen antolamendu arrazional eta iraunkorra.

TOKIKO DEMOKRAZIAREN KUDEAKETA ETA KALITATEA HOBETZEKO NEURRIAK

  •  Ezinbestekoa da gure udala herritarrei gerturatzeko neurri guztiak sustatzea eta garatzea eta neurri horiek kudeaketaren erabateko gardentasuna eta informazio ahalik eta zabalena bermatzea. Hori lortzeko:
  • Iradokizunak eta Erreklamazioak egiteko mekanismoak sortuko ditugu, herritarren parte hartzea eta komunikazioa hazi dadin.
  • Oro har, gutxienez hilean behin egingo dira ohiko Osoko Bilkurak.
  • Zehatz-mehatz argitaratuko dira diru-laguntzak eta laguntzak emateko prozedurak, zenbatekoa eta onuradunak zehaztuko dira, eta ahalik eta gardentasun mailarik handiena erabiliko da pertsona juridiko eskatzaileen eta horien mendeko taldeen inguruan.
  • Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko Legea ezar dadila sustatuko da, baliabideak bideratuko dira informazioaren eta ezagutzaren teknologien erabilpenerako.
  • Tokiko informazio eta komunikazio bitartekoen pluraltasuna bermatuko da.
  • Gizarte sektoreekin, administrazioko langileekin eta sindikatuekin elkarrizketa sustatuko dugu, tokiko zerbitzu publikoak eraginkortasunez eskaintzeko konpromisoa indartuko dugu.

BATERAEZINTASUNAK ETA JARDUEREN ETA ONDASUNEN AITORPENA

  • Tokiko ordezkariek agintaldiaren hasieran eta amaieran balizko bateraezintasunei buruzko aitorpena eta diru sarrerak ematen dizkieten edo eman dakizkiekeen jarduera orori buruzko aitorpena egingo dute.
  • Kargu hautetsien ondasunen eta jardueren aitorpenak eta balizko bateraezintasunen zergatiak publiko egingo dira, Osoko Bilkurek onartuko dituzten ereduen arabera.
  • Ondasunen eta interesen Erregistrora igorriko dira Legealdian izandako ondare edo jarduera arloko aldaketak, gertatzen direnetik bi hilabeteko epean.
  • Hautetsien ordainsari guztiak argitaratuko dira, baita euren karguaren ondorioz egindako ordezkaritzengatik jasotako sari ekonomikoak ere.
  • Tokiko hautetsiek euren gastuen politikan austeritate eta zuhurtzia irizpideak erabiliko dituzte.

DEMOKRAZIA PARTE HARTZAILEKO NEURRIAK

  • Harremanetan eta elkarrizketan oinarritutako Administrazioa sustatuko da, herritarrei eta ekonomia, gizarte eta kultura arloko eragile desberdinei kontsultatuko diena eta parte hartuko dutena, eta horretarako beharrezko bideak eskainiko dituena.
  • Taldeek parte hartzeko formulak artikulatuko dira, Agenda 21eko foroak sustatuko dira, ESKOLA AGENDA 21 bultzatuko da eta haurren parte hartzeari arreta berezia eskainiko zaio; formula hori bera edo beste batzuk erabiliko dira gazteekin, helduekin eta etorkinekin.
  • Herritarren eta tokiko ordezkarien arteko informazio eskubidea ziurtatuko dugu, ahalik eta gehien aprobetxatuko ditugu informaziorako teknologiak eta horien erabilpena bultzatuko da.

ONARTZEKO, HEDATZEKO ETA BETETZEKO BIDEAK

  • Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek eztabaidatu dute Kodea eta ondoren batzordean eta osoko bilkuran onartu da.
  • Udalak Kode hau onartzen duenean bere berri emango die herritarrei, bere akordioetako eta tokiko ekitaldietako oinarrietan aipatuko du eta bete dadin lanean arituko da.