Kofradiak

Iurreta oraindik kofradietan banatuta dago. Zatiketa geografiko-politiko hau ohikoa izan zen Bizkaiko elizateetan. Gaur egun, ordea, oso herri gutxik eusten diote kofradiei. Foruak indarrean zeuden garaian kofradiak ziren auzoetako udal antolaketa. Iurreta, San Marko, San Fausto, Santa Marina, Goiuria eta Orozketa dira Iurretako kofradiak.

Aipatzeko da urtero, 1982tik, iraileko bigarren asteburuan LAIXIARko zelaietan egiten den festa. Aurretik, leku horretan zeuden pinuak kendu eta pagoak sartu zituzten. Harrizko mahaia eta sei eserleku ere jarri zituzten. Eserleku bat kofradia bakoitzeko. Handik hurbil, iturria eta bolatokia daude.

Festa, goizean hasten da. Herritarrak oinez iristea da ohitura eta ailegatzen direnean salda banatzen zaie. Bada, ordea, bezperatik joan eta gaua han pasatzen duenik ere.

Eguerdian, meza ondoren, kofradiek batzar orokorra egiten dute. Presidenteak, gainerako kideen eta jendearen aurrean aurreko urteko diru kontuen berri ematen du, diru-sarreren eta gastuen berri, alegia. Etorkizuneko asmoei buruz ere hitzegiten du. Bilera amaitu aurretik, presidenteak galderei erantzuten die.

Udal mendien banaketa kofradien arabera egiten zen, eta bakoitzak erabakitzen zuen zegozkion lurretan zer egin, esatebaterako, zenbat zuhaitz bota, zenbat berri sartu, zer motatakoak... Mendi horietatik lortutako onurekin egiten ziren auzoan egin beharreko hobekuntzak (errepideak eta zerbitzuak hobetu, baserrietara argia eraman...).

Bilera bukatzen denean, herriko dantzariek dantzatzen dute eta ondoren parte hartzaileek kofradiaka bazkaltzen dute. Arratsaldean dantzaldia egoten da.