Iurretako historia (II)

Hainbat mendetan zehar Iurretako ekonomiaren oinarria burdingintza, nekazaritza eta abeltzaintza izan dira. Juan E. Delmasek "Guía histórica descriptiva del viajero en el señorío de Vizcaya en 1864" obra argitaratu zuenean Bizkaiko fabrika - leku garrantzitsuenetarikotzat jo zuen Iurreta, sei burdinolarekin. Esan behar da XVIII. mendea industria honen garairik onena izan zela.

Eraikin historikoa

Mende bukaerako Frantziaren aurkako gudak eta beste hainbat arrazoi zirela medio, apurka-apurka burdinolak ixten joan ziren edo beste zeregin batzuetarako erabiltzen, hala nola errotak edo elektrizitate - zentralak izateko. Ezagun da Ibaizabal, Orobio edo Zaldai ibaiek berebiziko zeresana izan dutela Iurretako Elizatearen garapen ekonomikoan, horiei esker burdinolek, errotek eta bestelakoek ur kopuru erregularra izaten baitzuten urte osoan zehar.

1442an Goméz González de Butrón Abadiñoko Muntsaraz dorretxea erretzen ahalegindu zen. Ez zuen halakorik lortu baina atzera egitean Iurretako Arandia eta Etxanoko Bema dorreak suntsitu zituen.

XIX. mendean zehar euskal geografian nongura zabaldu ziren liskarrek Iurretan ere izan zuten islada. Beste batzuen artean 1808koa aipa daiteke, Independentzia Guda alegia, ezen guda horretan Espainiako eta Frantziako tropak Zomotzan elkarren kontra aritu zirenean Iurreta ere kaltetua izan zen, batik bat Orobio eta Bakixa aldeak.

Esan bezala, Iurretako zati handi bat Ibaizabalen ertzean dago eta hori horrela delarik ibaiaren uriolek eragin ekonomiko eta sozial handía izan dute. Gure belarrietara iritsi den zaharrena 1651ko irailaren 8koa da. XIX. mendeari dagokionez 1801eko maiatzean urek gora egin zuten itzel, Arandiako burdinola baten ondoko gurutze batera arte. Bada historian, izan, bestelako uholde aipagarririk. Batzuk arestikoak dira: 1830eko otsailaren 5ekoa (solo, burdinola eta errotak suntsituz), 1840ko maiatzaren 20koa (Arandiako erret-bidea betez) eta abar. Beste batzuk gaur egunetik hurbilago ditugu, adibidez 1953ko urriaren 15ekoa edo 1983ko abuztuaren 26koa, azken honek Iurretako etxebizitza, garaje eta komertzioetan kalte handiak sortuz.

Eraikin historikoa

Mende honen hasieran industrializazio prozesua gertatu zen Durangaldean, Iurretan ere hala izaki. Ibaizabal ondoko ordekak eta komunikazio egokiek zera eragin zuten, Arandia, Mallabiena, Sta. Apolonia eta halako alderdíek erakargarritasun handía hartzea industria bertan ezartzeko orduan. Honako prozesua batez ere 1950 urtetik aurrera azaldu zen: 1951n Celulosas del Nervión agertu zen, 1961ean Fundiciones Irubaserri, Fundiciones Amboto 1962an eta abar. Edozelan ere, hori baino lehenago Fundiciones Echeverria y Cía. edo Maquinaria Agrícola Zaga jadanik ezarriak ziren, 1940an.

1926ko azaroaren 12an Primo de Riveraren diktaduran zehar Durangoko Hiriak Iurretako Elizatea bereganatu zuen, auzotar gehienak (dokumnentuetan agertu legez) guztiz aurka izan arren.

Izan ere, Durangok sano lurralde txikia zuen eta eskualdea industrializatzen ari zen sasoi hartan lurralde hori zabaldu nahi izan zuen, lurretak herritzat zeukan nortasun eta askatasuna galaraziz.

Horren ondoren 11. Errepublika iristearekin batera Iurretarrek Durangotik banandu gura izan zuten, baina hasiera bateko Guda Zibilak (1936-1939) eta ondorengo Francoren diktadurak antzu bilalakatu zituzten ahalegin horiek. Urte haietan antzinako askatasuna berreskuratzeko - neurri batean, behinik behin- saioak izan ziren Iurreta Erakunde Lokal Txiki izendatzeko eskatuz, baina agintariek muzin egin zioten halako eskaerari. Franco hil ondoren Durangotik banatzeko eginahalei ekin zieten berriz, eta negoziazio gogorren ostean 1990eko urtarrilaren lean asmo hori gauzatu zen.