Bosgarren edukiontzia eta etxeko konpostajea jarriko dituzte Iurretan

Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak proiektu pilotu bat abiaraziko du Iurretan eta Abadiñon. Proiektu horrek bi helburu izango ditu: batetik, bosgarren edukiontzia edo edukiontzi marroia jartzea hiri-guneetan; eta, bestetik, etxean konpostatzeko sistema bat abiaraztea landa-eremuetan.

BOSGARREN EDUKIONTZIA JARTZEKO KANPAINA

Edukiontzi marroia jartzeko kanpainaren xede dira 2.300 familia

Guztira, 15 edukiontzi marroi jarriko dituzte Iurretako hirigunearen eta Matienaren artean. Edukiontzi horiek kalean egongo dira 2014ko urtarrilaren hirugarren astetik aurrera. Horren aurretik, baina, Amankomunazgoak informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat abiaraziko du, eta, kanpaina horren barruan, ekintza ugari egingo dituzte edukiontzi berria abian dela jakinarazteko, edukiontzi horrek zer ezaugarri dituen eta nola erabili behar den azaltzeko, familiak eta parte hartu nahi duten hondakin sortzaileak erregistratzeko eta gai horren gainean sortzen diren zalantzak argitzeko.

Plan osoak jasoko du Inguru - Ingeniería y Gestión Ambiental S.L. enpresaren laguntza.

Parte hartzeko modua eta birziklapenerako material sorta

Urtarrilaren bigarren astean zabalduko da kanpainan parte hartzeko izena emateko epea. Interesdunek birziklapenerako material sorta bana jasoko dute, doan jaso ere. Material sorta hori zenbait lekutan eta egunetan banatuko dute. Amankomunazgoak, egoki denean, leku eta egun horien berri emango du. Material sorta bakoitzak hau guztia izango du: etxerako ontzi marroi bat, poltsa konpostagarrien sorta bat (10 litrokoak / 25 litrokoak), kaleko edukiontzia irekitzeko giltza serigrafiatu bat eta sistema berriari buruzko informazioa.

Materiala

Zerbitzua abiarazte aldera, Amankomunazgoak 1.100 litroko 15 edukiontzi marroi erosiko ditu -edukiontzi horiek kalean egongo dira-. Orobat erosiko ditu 1.000 giltza, edukiontzi horiek irekitzeko, eta 10 litroko 20 ontzi eta 10 litroko 30.000 poltsa konpostagarri, etxean erabiltzeko, bai eta 80 litroko 20 edukiontzi eta 25 litroko poltsa konpostagarriak ere, hondakin sortzaile txikiek eta handiek erabil ditzaten.

Funtzionamendua

Sistema berriaren helburu nagusia da hondakin organikoak eta gainerako hondakinak bereiztea. Bosgarren edukiontzian edo edukiontzi marroian, hondakin hauek sar ditzakegu: kozinatu ez ditugun lekaleen, fruten, barazkien eta pasten hondarrak, bai eta landareen hondarrak eta fruten hezurrak ere. Orobat sar ditzakegu papera eta paperezko ahozapi zikinak. Edukiontzi horretan ezingo ditugu sartu haragi-, arrain- eta gazta-hondarrak, arrautza-oskolak, animalientzako janaria, lurra, pixoihalak eta zigarro-puntak.

Bildutako gai organikoak Bizkaiko Konpostegira eramango dituzte -Bizkaiko Foru Aldundiak 2011 abiarazi zuen konpost-planta hori-. Bertan, konpost bilakatuko dituzte, eta hainbat gauzatarako erabiliko; hala nola, lorezaintzarako eta nekazaritzarako.

ETXE-KONPOSTAKETAREN SUSTAPENA

Halaber, lotaregia edo lursail bat daukaten etxebizitzetara zuzendutako bigarren esperientzia pilotu bat sustatuko da. Etxe-konpostaketak edo autokonpostaketak, hondar organikoak gure etxeetan bertan kudeatzeko bidea suposatzen du, onuraz beteta dagoen sistema erraz baten bitartez, hondakinen sorkuntza murrizten delarik.

Jardueraren hasierarako informazio batzarrak antolatu dira, non bertaratzen direnek praktika honek inplikatzen duen beharrizanen inguruko edozein zalantza argitu ahal izango duten. Urtarrilaren bukaeran prestakuntza tailerrak emango dira kalitatezko konpost bat lortzen ikasteko, partaideek beraien lorategi eta ortuetan erabiliko duten ongarri naturala.

Amankomunazgotik sustatutako lehen esperientzia izanik, ekimena Iurretako auzuneetako eta Abadiñoko auzune batzuetako (Astola, Gaztelu, Gerediaga, Lebario, Murueta eta Traña-Matiena) 75 familiatara zuzenduko da, non autokonpostaketa interesatu ahal zaizkien 300 edo 400 bat familia egon daitezkeela estimatzen den. Partaide guztiek konpostagailu bat eta aireztagailu bat jasoko dute, praktika honetarako ezinbesteko materialak, eta lehenengo hilabeteetan jarraipen zerbitzu bat egongo da. Atal honek IK4-Azterlanen laguntza izango du, dagoeneko 2012. urtean amankomunatutako udalerri bitan (Izurtzan eta Mañarin) esperientzia garatu zuena.

5. edukiontziarekin ez bezala, etxe-konpostaketak edozein hondakin organiko onartzen du, bai freskoak, bai eta kozinatutakoak, zabor poltsak bere tamaina asko murrizten duelarik. Adibide modura, aipatzekoa da Izurtzan eta Mañarin egindako esperientzian partaide berriek hauteman zuten aldaketa, non astean zabor poltsa egunero edo bi egunetik behin ateratzetik, hiru egunean behin edo gutxiagotan ateratzera pasatu ziren.

Eskolako Agenda 21

Aipatutako jarduerak udalerri bietako ikasleei zuzendutako tailer eta foruekin biribilduko dira, konkretuki 4 ikastetxetan (2 Iurretan eta 2 Matienan) non txikienek hondakin organikoak ondo bereizten ikasiko duten eta, jasangarria eta ingurumenarekin adeitsua den prozesu baten bidez, konpostaketa bidez hain zuzen ere, lortutako ongarria erabiltzen ere irakatsiko zaien.

KOMUNIKAZIO KANALAK

Komunikazio-plana diseinatuko da eta bertan hainbat ekintza gauzatuko dira; besteak beste, blog bat sortuko dute (www.organikoadurangaldean.com), Amankomunazgoaren eta udalen webguneetan informazioa argitaratuko dute; herritarren arretarako zerbitzu bat abiaraziko dute, 946 23 25 22 telefonoaren bidez eta organikoa.mdurango@bizkaia.org posta elektronikoaren bidez; informazio-puntuak jarriko dituzte kalean; informazio- eta dibulgazio-materiala sortuko dute partaideentzat; informazio-saioak antolatuko dituzte; eta ekintza jakin batzuk egingo dituzte hondakin sortzaileentzat.

ARAU-ESPARRUA

2008an, "Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauak, hondakinei buruzkoak eta zenbait zuzentarau indargabetzen dituenak" -Hondakinen Esparru Zuzentaraua esan ohi zaionak- 22. artikuluan ezarri zuenez, estatu kideek neurriak hartu behar dituzte biohondakinak gaika bil daitezen, konposta egin eta digeritzeko. Zuzentarau hori 2011n jaso zen estatuko araudian, lege honen bidez: 22/2011 Legea, uztailaren 28koa, hondakinei eta zoru kutsatuei buruzkoa. Zuzentarauaren transposizio horrek, beraz, behartu egiten gaitu biohondakinak gaika biltzeko neurriak hartzera.

Arau-esparru horretan oinarrituta, organo eskudunek zenbait estrategia diseinatu dituzte azken urte hauetan, hondakinak gaika biltzeko eta gai organikoak konpostatzeko.

EGOERA BIZKAIAN

2011ko martxoan, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Konpostegia zabaldu zuen (konpostegia Artigasen dago, Bilbo eta Alonsotegi udalerrien arteko mugan). Biohondakinak konpostatzeko Bizkaiko lehenengo azpiegitura da, hain zuzen. Horretaz gainera, 2012az geroztik, Bizkaiko Foru Aldundiak hiru diru-laguntza deialdi egin ditu, hondakinen zati organikoa gaika biltzeko sistema ezartzeak dakartzan premiak asetzeko. Durangoko Amankomunazgoa hirugarren deialdiko onuradun izan da, eta diru-laguntza jaso du proiektu hau gauzatzeko. Amankomunazgoak, guztira, 59.807,40 € jaso ditu, materiala erosteko eta komunikazio- eta prestakuntza-plana egiteko.

BIRZIKLAPEN-TASA

Bestalde, Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2005-2016 Plan Integralean jasotakoaren arabera, Bizkaiko etxeetako hondakinen batez besteko ezaugarriei erreparatzen badiegu, ikusiko dugu etxeko hondakinen % 36,89 dela gai organiko ustelkorra: hondakin zati guztietatik ehuneko handiena, hain zuzen.

Bizkaia
Zatia Ehunekoa
Gai organiko ustelkorra. Kozinatu gabeko janari-hondarrak % 29,54
Gai organiko ustelkorra. Kozinatutako janari-hondarrak % 6,85
Gai organiko ustelkorra. Kimaketa- eta lorezaintza-hondarrak % 0,50
Papera eta kartoia % 25,76
Beira % 9,17
Plastikozko ontzi arinak % 10,85
Bestelako plastikoak, ontziak ez % 1,47
Metalezko ontzi arinak % 3,21
Burdin metalak, ontziak ez % 0,60
Beste ontzi batzuk % 2,24
Etxeko hondakin arriskutsuak % 0,46
Beste hondakin batzuk % 5,33
Tamaina handikoak % 3,07
Inerteak % 0,95
Guztira % 100,00

Amankomunazgoaren kasuan, 2013ko urrira arteko datuak ondokoak dira:

Mankomunitatea
Zatia 2013ko urrira arte jasotakoa Ehunekoa
Errefuxa 5.758.272,00 % 75,11
Papera eta kartoia 905.829,00 % 11,81
Beira 524.630,00 % 6,84
Ontziak 331.287,00 % 4,32
Tamaina handikoak 115.820,00 % 1,51
Pilak   % 0,00
Berrerabilgarriak: arropa, oinetakoak, liburuak… 31.060,01 % 0,41
Guztira 7.666.898,01 % 100,00
BIRZIKLAIA TASA   % 24,89

DURANGOKO MERINALDEAREN AMANKOMUNAZGOA

Hauexek dira Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko udalerriak: Abadiño, Atxondo, Durango, Elorrio, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibar.

Hiri-hondakinak pilaka biltzeko zerbitzuari atxikita daude Abadiño, Atxondo, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibar.

Halaber, Amankomunazgoak eskumena du beste zerbitzu batzuk emateko; hala nola, Tokiko Agenda 21, gizarte-zerbitzuak, behargintza eta lanbide-heziketarako zentroa, euskara-zerbitzua eta kontsumitzaileentzako informazio-zerbitzua. Horretaz gainera, 3 kirolgune kudeatzen ditu: atletismo-pista, trinketa eta belodromoa.

 

Organikoa Durangaldean