Albisteak

 

2011ko otsailaren 14tik 25era bitartean Iurretako Udalak “Welcome” deritzon argazki erakusketa ikusgai izango du. Erakusketa 18 panelek osatzen dute; horietan autore ezberdinen argazkiak, mapak, testu laburrak eta palestinako olerkarien bertsoak daude, historia eta okupazioaren ondorioak azaltzen dira, giza eskubideen eta Nazioarteko Zuzenbidearen betetzearen ikuspegitik. Iurretako Ibarretxe Kultur Etxean ikusgai egongo da goizeko 9,00etatik 13,30etara eta arratsaldeko 15,00etatik 20,00etara, astelehenetik ostiralera bitartean.

Palestinara heltzean “Welcome to Palestine” da entzuten den ongi etorriaren lehenengo esaldia. Herri palestinarra suntsitu duen erregimen sionista totalitario baten 60 urteko okupazioak ez du autodeterminazioaren eta onarpenaren alde borrokatzen duen herri baten harrotasuna isildu, nahiz eta nazioarteko erakunde eta gobernuek beste alde batera begiratu.

Erakusketa honen bidez, Bakea eta Duintasuna elkarteak eta “Biladi” Palestinar Kultura Zentruak herri palestinarraren errealitatea hurbildu nahi dute bizkaiko herritarrei; 1948. urtetik okupazio militar bati eutsi eta bizitza duin bat izaten saiatzen den herri baten errealitatea, alegia.

Otsailak 24an, osteguna, arratsaldeko 18,30etan Ibarretxe Kultur Etxean bideoforuma antolatu da; “GUETO” dokumentala proiektatuko delarik eta Eneko Calle (Bakea eta Duintasuna) moderatzailea izanik.

“GUETO” dokumentala Zisjordaniako eta Gazako lurralde ezberdinetatik ibilbide bat da, Israelek palestinaren lurrak eta baliabideak lapurtzeko erabiltzen dituen tresnak erakusten dituena.

Testuinguru honetan, Palestina munduaren begietatik desagertuz doa, Israel Nazioarteko komunitatearen babesarekin jarraitzen duen bitartean.