Albisteak

Elkarkidetza 

Herrialde txiroenekin duen elkartasun konpromisoaren isla gisa, Iurretako Udalak Garapenerako Lankidetzako funtsak 2012ko ekitaldian nola bideratu onartu du, herrialdeak garatzea lortzeko eta baldintza sozialak hobetzeko. Gizarte sentsibilizazio eta garapen proiektuak egiteko diru laguntzak banatzeko deialdiaren oinarriak Alkatetzaren maiatzaren 10eko 531/2012 Dekretu bidez onartu ziren.

Deialdian zortzi proiektu hauek aurkeztu dira:

  • “Good Hope – Eskola bat eraikitzea Bokokon (Ekuatore Ginea)”. Bilboko Acción Manos de Acción Solidaria elkartea.
  • “New Khandeko ur hodiak berreraikitzea. Baltistan. Pakistan”. Felix Baltistan elkartea.
  • “Preso palestinarren giza eskubideak babestea eta sustatzea nazioarteko lege arauen arabera”. Biladi Kultur Zentro Palestinarra Elkartea
  • “Minusbaliotasuna duten gazteak gizarteratzea lortzea Diriamban (Nikaragua). Mundu Solidarioa Helburu elkartea”
  • “Irakaslea etxean programa Iher-Morazánen (Honduras)”. Adecabi elkartea.
  • “Ama-haurra osasun arreta hobetzea Batseng`La-Dschang inguruan (Kamerun), ekografia ekipo baten bitartez.” Pikume elkartea.
  • “Afrika emakumeen begiradatik”. Derandein Fundazioa elkartea
  • “Bularreko minbizia prebenitzeko eta antzemateko gaitasun teknikoak eta bitartekoak indartzea Quetzaltepeque udalerrian (El Salvador)”. Asamblea de cooperación por la Paz elkartea.

Proiektuen balorazioa oso ona izan da, baina gizarte interes handiena duen proiektua babesteko irizpideari jarraiki, Iurretako Udalak erabaki du 9.381,18 euroko zenbatekoa duen diru laguntza “Felix Baltistán Fundazioa”  elkarteari ematea, “New Khandeko ur hodiak berreraikitzea. Baltistan. Pakistan” proiektuagatik. Proiektuaren xedea New Khande udalerritik (Baltistan – Pakistan) gertu dauden laborantza eremuetarako ureztatze sistema bat eraikitzea da; izan ere, hondamendi naturalen arriskutik ihesi (elur-jausien ondoriozko uholdeak 1999an eta 2001ean) bertara iritsitako herritarren elikadura hobetzeko funtsezkoa da gune horretako laborantza garatzea. Familien baratzak ureztatzeko aipatutako hoditeria eraikitzea milaka pertsonentzat izango da onuragarria; izan ere, 624 pertsonari zuzenean egingo die mesede, eta zeharka, ostera, 953 pertsonari. Kaltetutako populazio guztia izango da proiektu honen onuradun, genero bazterketarik egin gabe. Duela gutxi arte pentsaezina zen arren, gaur egun Komunitateko Batzorde bat dago tokiko herritarrek proiektuan parte hartzea ahalbidetzeko; emakumeek bailaran duten eginkizuna hobetzeko aurrerapauso izugarria da.   Proiektua 2011ko irailaren 15ean jarri zuten martxan, eta 2013ko amaieran bukatzea aurrez ikusi da. Egitasmoa “Felix Iñurrategi Foundation Baltistan Machulo (FIFBM)” tokiko elkartearekin bideratu dute, District Ghanchen 2002ko urtarrilaren 31n eratu zena; gaur egun Big Rustan fundazioko kideetako batek euskal mendizaleekin batera Everestera egindako espedizioaren haritik sortu zen erakundea; orduan, altuerako zamaketariei eskalada teknikako prestakuntza emateko Machulu Climbing School eskola sortu zuten. Ondoren, Climbing School eskolatik gaur egun “Felix Iñurrategi Foundation Baltistan Machulo (FIFBM)” izeneko elkartea sortu zen, Felix zendu ondoren, omenaldi gisa, izena aldatu baitzioten.

Kalkulatu denez, proiektuaren kostu osoa 121.355,97 eurokoa izango da; tokiko elkarteak 3.104,05 euroko (% 3) ekarpena egingo du, eta Felix Baltistan Fundazioaren ekarpena, bestalde, 9.381,18 eurokoa izango da (% 8).  Populazioak Pakistango Gobernuaren laguntza ere jaso du; izan ere, 10.909,90 euroko zenbatekoarekin finantzatu du ubidearen burua berreraikitzea, ura handik bideratuko baita.