Albisteak

 

Nagusiek gero eta bizitza itxaropen eta kalitate gehiago duten arren, ezin ditugu biztanleriaren zahartzeak dituen ondorioak ahaztu. Horietako bat mendekotasun maila altua da, hau da, autonomia fisikoa, psikikoa edo intelektuala galtzearekin edo murriztearekin erlazionatutako arrazoiak direla eta, eguneroko jarduneko ohiko gauzak, norberaren zainketarekin erlazionatutakoak batez ere, egiteko orduan laguntza handia behar duten pertsonek bizi duten egoera.

Zaurgarritasun egoera horiei erantzuteko, Iurretako Udalak, Bizkaiko Gurutze Gorriarekin lankidetzan, eta Smurfit Kappa Nervión enpresak eta bertako langileek egitasmoa finantzatzeko eman duten laguntzari esker, aurrera jarraitzen du “Nagusien Bidelagun” egitasmoarekin, boluntariotzaren bitartez pertsona nagusiei laguntasuna ematen dien gertutasun zerbitzuarekin, hain zuzen ere.

Elsa López Bizkaiko Gurutze Gorriko gizarteratze zuzendariak adierazi duenez, “boluntarioek ezinbesteko lekua betetzen dute mendekotasun edo bakardade egoerei erantzuna emateko orduan. Gurutze Gorriaren jarduera, trukean ezer eskatu barik behar duten pertsonei laguntzen dieten boluntarioei esker da posible”.

Iñaki Totorikaguena Sarrionandia udalerriko alkateak azpimarratu duenez, “beharrezko egitasmoa zen, eta Iurretako pertsona nagusien bizitza kalitatea hobetzeko aurrera eramaten ari garen gainerako ekintzak eta programak osatzen ditu. Programa horretan bi eragile elkartzen dira: nolabaiteko laguntza behar duen pertsona nagusia, eta bere denboraren parte bat laguntza hori ematera bideratzen duen boluntarioa. Eskerrak eman nahi dizkiogu Bizkaiko Gurutze Gorriari zerbitzu hori aurrera eramateagatik, eta baita Smurfit-Kappa Nervion enpresari ere, erakutsi duen gizarte erantzukizunarengatik”.

Urtean 6.000 euro inguruko aurrekontua duen egitasmoak Smurfit Kappa Nervión enpresaren laguntza handia jaso du. Enpresak aldetik 3.000 euroko saria lortu zuen langile talde batek, gizarte alorreko egitasmo horretara bideratu du kopuru hori. Smurfit Kappa Nervión enpresak aintzatespena eskaintzen die aurreko urtean egindako ez ohiko lanarengatik nabarmendu diren langileei edo taldeei. Oraingo honetan, 2 zenbakiko Paper Makina, Laborategia eta Komertzial taldeek aintzatespena jaso dute, Iurretako paper lantegian egiten den maila goreneko kalitateko “Nertop N+” paperaren homologazio garrantzitsua lortu dutelako.

Enpresaren instalazioetan gaur egin den 3.000 euroko sariaren banaketa ekitaldira Iñaki Totorikaguena Iurretako alkatea, Elsa López Bizkaiko Gurutze Gorriko gizarteratze zuzendaria eta Durangaldeko esku-hartze zerbitzuko teknikariak joan dira. Smurfit Kappa Nervión enpresaren aldetik, saritutako taldeen ordezkaritza zabala eta Enpresako Zuzendaritza taldeko kideak egon dira. Fernando Larrinagak, Saritutako langileen ordezkariak, adierazi duenez “saria, lantegia dagoen komunitateko gizarte arloko helburu batera zuzentzea da sariaz gozatzeko modurik hoberenetakoa”.

Oso ekintza xumeekin, paseoan joatea, sendagilearengana laguntzea edo boluntario batek lagunduta bestelako gestio puntualak egitea, besteak beste, pertsona nagusiari, bere ohiko ingurunean jarraitzen laguntzeaz gain, bere bizitzarako autonomia eta independentzia ematen zaio, isolamendua eta bakardadea saihesten dira, eta bere iritzia kontuan hartzen da zuzenean dagozkion gaiei buruz erabakitzeko orduan.

2016ko apirilean martxan jarri zen “Nagusien Bidelagun” egitasmoak zabalik jarraitzen du, horren beharra duten Iurretako pertsona nagusiei zuzenduta.

Informazio gehiago

Iurretako Udaleko Komunikazio Saila

 

Bizkaiko Gurutze Gorriko Komunikazio Saila

Libe Romaña: 650 401 955 / libe@donacasilda.com

Smurfit Kappa Nervióneko Giza Baliabide Saila

Fernando Jimeno: 946 205 120