Albisteak

 

Iurretako Udalak urteak daramatza berrikuntzaren, modernizazioaren eta udal-zerbitzuak herritarrei hurbiltzearen aldeko apustua egiten; izan ere, pertsonei arreta eman nahi diegu, baina aldi berean haien eskaerak berehala erantzun eta erakundearen kostuak murriztu nahi ditugu, bai eta irudi eraginkor eta gardenagoa proiektatu ere.

Aspaldi, udalaren webgune berria aurkeztu genuen, non gardentasunaren ataria eta Kalezainduren bitartez udalarekin zuzeneko harremana edukitzeko tresnak jaso ziren. Bestalde, Iurreta Zabaltzen aplikazioa sortu zen mugikorretarako, Kalezaindu barruan izateaz gain, udaleko abisuak jasotzeko aukera eskaintzen duena. Oraintxe bertan 100 aplikazio baino gehiago jaitsi dituzte herritarrek .

Duela pare bat aste zerbitzuen egutegi bat utzi zen herritarren postontzi guztietan. Bertan zerbitzuak eta diru-laguntzak eskatzeko herritarrek kontuan izan behar zituzten epeak jaso ziren. Gainera, telefono-zenbaki zuzenak ezarri dira sail guztiekin (8 + informazioa). Horiek ere egutegiarekin batera bidali ziren.

Ildo horretatik eta EUDELek sustatutako Tokiko Berrikuntza Agendaren testuinguruan, prozedura administratiboei buruzko gidaliburua egiteko proposamena ageri da, geuk ere harekin bat egin baitugu.

Iaztik lantzen ari garen gidaliburu horren helburu nagusia da herritarrek gehien eskatzen dituzten administrazio-prozedura guzti-guztien oinarrizko informazioa modu sistematiko eta antolatuan jasotzea (100 izapide). Hori guztia udalarekin duten harremana errazteko egingo da, eta, bertan, egin beharreko edozein kudeaketatan eman beharreko urratsak zehatz azalduko dira.

Beste alde batetik, lan horrekin erakundean zereginak estandarizatu nahi dira; halaber, ezagutza erakunde osoan egotea erdietsi nahi da, ez erakundea osatzen duten pertsonetan bakarrik.

Gidaliburu horretan administrazio-prozedurak identifikatzean, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetuko da, udal-kudeaketaren gardentasunari mesede egingo zaio eta udalera sartzea “zuretzako errazago” izatea lortuko da. Hain zuzen ere, horixe da aukeratu dugun lema.

Gidaliburua paperean daukagu, dagozkion fitxekin. Horrez gain, gure webgunera igo dugu herritarrek erabil dezaten. Bertan, azalpenezko fitxak, deskargatzeko eta nabigatzeko PDFak eta beharrezkoa den dokumentazio guztia egongo da jasota, herritarrarentzat izapideak egitea errazagoa izan dadin.