Albisteak

Birzikleta 

Orain dela urtebete erabilitako olioa jasotzeko bi edukiontzi jarri ziren Iurretan. Andeletako bat Bixente Kapanagan ipini zen eta bigarrena Aita San Miguel plazan.

Edukiontzi berritzaile hauek bi irekidura dituzte: batetik, aldez aurretik herritarrei eman zitzaien potoa sartzen da; bestetik, berriro erabiltzeko prest dauden poto garbiak irteten dira. Hortaz, sistema eroso, hurbila eta garbi da, herritarren ekintza errazteko.

Iurretan aitzindariak izan ginen, eskualdean sistema hau jartzean.

Ordutik hona iurretarrok 4.000 litro olio baino gehiago birziklatu ditugu, urtean batez besteko 1 litro/biztanle.

Udaletik gertu kokatutako andelean, batez ere auzoetako herritarrentzat dena, bertan 1.200 litro birziklatu dira. Bestetik, Bixente Kapanagan dagoen horretan 2.800 litro jaso dira. Ondorioz, oso pozik gaude herritarren erantzunarekin eta auzokide guztien sentsibilizazioarekin.
 
Gure udalerrietako estolderia-sarera hustubideetatik botatzen den erabilitako etxeko olioak, trabatzeak eta usain txarrak eragiten ditu geure etxeko, hiriko eta herriko hodietan. Kalkulatuta dago olio litro bat desagerraraztearen kostua gutxi gorabehera 2.05 €-koa dela, beraz, asko aurrezten da geure estolderia sistemaren mantentze-lanetan.

Horrez gain, etxeko olioa ura asko kutsatzen duen hondakina da eta araztegietarako ere kostu altua izaten da.

Erabilitako etxeko olioa jasotzearen eta birziklatzearen ondorioz nagusiki lortzen den produktua biodiesela da. Hala ere, badira ikertzen ari diren beste alternatiba batzuk, kontuan hartu beharrekoak hondakin hau berriro erabiltzeko prozesua abiarazten denean, besteak beste, taladrinak, industriako olioak, xaboia… eta beste produktu batzuk.

Iurretako udaletik zorionak eman nahi dizkizuegu zuei, auzokideei, zuen ahaleginagatik eta espero dugu erabilitako etxeko olioaren birziklatzearen batez bestekoa igotzea.