Albisteak

 
Iurretako Udalak gazteria zerbitzuen berrikuntzan lanean ari da 2016 geroztik IUGAZTE deritzon proiektuaren baitan, eta Iazko ikerketa eta parte hartze prozesutik eratorri zen programa inplementatzeari ekin dio aurten.

2017an garatutako prozesuari esker, Iurretako 12-18 urte bitarteko gazteriaren lehendabiziko argazkia eta epe laburrean Udalak martxan jarriko dituen gomendio multzoa ondorioztatu zen, nagusienak hiru:
  • Gazteria Zerbitzuen edukiak: gazteen desioei eta errealitateari erantzuteko beharra dago, nagusiki topaketarako espazio falta, zaletasunak garatzeko laguntza eta genero berdintasuna bultzatzeko beharra detektatu dira.
  • Gazteria arloaren formatoak: gazteekin elkarlana eta informazio hartu emana modu arinean eta malguan egituratzeko beharra dago, haien interes konkretuak jorratzeko partehartze mekanismoak eskainiz eta konpromezu puntuala eskatzen duten momentuak eskainiz.
  • Gazteen parte-hartzea: gazteek eskaerak planteatzeko ahalmena izan arren, eskaera hauek garatzeko beharrezkoa den inplikazioa eta jarraitasuna ez dago guztiz argi eta haiekin bide bat eraiki beharra dago.
Ondorio horietatik abiatuta, Udalak Hexagonoa lortu du gazteen etorkizuneko topagune izateko eta  Gazte Deialdia programa pilotoa martxan jarri zuen udazkenean. Ideia deialdi ireki baten bitartez, gazteek herriko aisialdi eta kultur eskaintzari begirako proposamenak egin ahal izan zituzten.

Aurkeztutako proposamenak udal arduradun eta teknikariek, herriko elkarteek eta gazteek modu parte-hartzailean aukeratu zituzten, eta bi ideia garatzeko 1200 €ko dirulaguntza eta aholkularitza eskaini du Udalak.  

Deialdi honen ondorioz 15 gazte inguruz osatutako lan talde osatu da, eta diseinu berrikuntzan adituak diren profesionalen laguntzaz beraien proposamenak findu eta prestatu dituzte gazteek azken hiru hilabeteetan.

Ibilbide horren emaitza da orain abiatzen den Iurretako Udaberriko Gazte Programazioa. Herriko gazteek 12 eta 18 urte bitarteko Iurretako gazteei bideratutako bi ekintza antolatu dituzte:
  • SUP (Stand Up Paddle) irteera Urdaibain.
    • Maiatzak 19. 16.00tatik 20.30ak arte. Irteera Maspetik.
    • Autobusa, begiraleak, kirol-ekintza eta ekipoa barne.
  • Paintball irteera Zornotzara.
    • Ekainak 16. 11.00tatik 18.00ak arte. Irteera zehazteke.
    • Begiraleak eta sarrera. Jatekoa etxetik ekarri beharko da. 

Izena emateko Ibarretxe Kultur etxean eskura dagoen inskripzio orria eta gurasoen baimena bete eta 2 € ordaindu beharko dira, eta maiatzaren 14tik aurrera izena eman duten gazteekin harremanetan jarriko da Udala. Hortaz gain, datozen astetan informazio gehiagoa plazaratuko da IUGAZTE programaren instagram kontuan (@iugazte).

Ideia deialdi ireki honen bitartez, gazteei bideratutako eskaintzaren formatoa irauli nahi da, goitik-beherako eskaintza eredu tradizionalaren ordez, behetik-gorako formato ireiki eta berria proposatuz. Hortaz gain Udala eta gazteen arteko harreman bideak eraiki nahi dira, ohiko moduen ordez, gazteen interes eta proiektuei lotutako partehartzea ahalbidetuz.