Albisteak

 

Orain arte, Iurretan guztira 57 plaza egon dira bizikletak aparkatzeko. Kopuru hau gehituko da Orobiogoitia Eskolan jarritako gune berriekin eta laster Maspe, Zubiaurre eta Amilburu (Korreosetik gertu) kaleetan jarriko diren hiru gune berrirekin.

2008an bizikleta-aparkatzaileak jartzen hasi ginen herriko hainbat tokitan. Horrela, gaur egun bizikletentzako Maiztegi Eskolan 6 toki, Udaletxean 5 toki, Ibarretxe Kultur Etxean 6 toki, Goiuria Kultur Etxean 5 toki, Uralden 7 toki, Bixente Kapanagako udal bulegoetan 5 toki, kale honetan beste 5 toki, Mutualia alboan eta Maspe kaleko oinezkoen pasabidearen alboan 5 toki daude.

Hauei gehitu behar zaie Orobiogoitia Eskolan jarri berri diren bi esparru, 12 tokirekin. Laster Maspe, Zubiaurre eta Amilburu kaleetan 18 toki gehiago jarriko dira. Iurretako Alkatea den Iñaki Totorikaguenaren esanetan “gure helburua da mugikortasun jasangarria bultzatzea bizikletaren erabilerarekin eta aukera hori zabaldu nahi diegu iurretarrei bizikleta-aparkatzaileak jarriz eta udalerriko bidegorri sarea handituz”

Azken bost bizikleta-aparkatzaile hauen kostua 1.250 eurotakoa izan da.