Albisteak

 

Iurretako udaletxetik eta aniztasun funtzionalaren inguruan lan egiten dugun talde desberdinetatik (GEUBE, ONCE, RIO DE ORO eta ASEBI) beste elkarte batzuekin batera (MIKEL DEUNA dantza taldea, KIMUAK aisialdi taldea, INURRI eskaut taldea, GURUTZE GORRIA eta HEKI herri kirolen taldea) DURANGALDEKO EZGAITASUN EGUNA antolatu dugu maiatzaren 30erako.

Mundu hobea lortzeko denok elkarrekin lan egin behar dugula uste dugu, hezkuntzan, sentsibilizazioan, nibel desberdinetan… horretarako adin guztietarako egokia den programa prestatu dugu aniztasun funtzionalaren mundua ezagutzeko.

Goizean zehar, hainbat zirkuitutan parte hartu ahal izango dugu aniztasun funtzionalaren mundura hurbildu ahal izateko. Lehenengoa itsuen errealitatera hurbiltzeko zirkuitu bat izango da, bertan tela batekin estaliko ditugu begiak eta ilunetan ibiliko gara bastoi baten laguntzarekin. Bigarrena gurpildun aulkian egingo dugun zirkuitua izango litzateke.

Bestalde, etxeko txikientzat jolasak eta tailerrak egongo dira KIMUAK, IÑURRI eta GEUBEren eskutik. Horrez gain, HEKI elkarteak herri kirolak antolatuko ditu.

Eguerdiko ordu batetan dantzen ikuskizuna egongo da MIKEL DEUNA dantza taldearen eskutik eta 13:30etan magia espektakulo bat ikus genezake.

Eguerdiko ordubiak inguruan GEUBEKO familiek AMOIUR elkartearekin batera paellada herrikoia egingo dute ASKONDOko kalean egongo den karpan. Horretarako, aurrez hartu behar dira 6 euroan salgai dauden tiketak. Paellaren ostean, postre goxoak probatzeko aukera egongo da, izan ere, lehiaketara aurkeztutako pastel denak probatzeko aukera edukiko dugu eta ostean 100 euroko saria jasoko du pastelik goxoenak.

Bazkalostean, LOTXO taldearen eskutik erromeria izango dugu publiko guztiarentzat. 19:00ak inguruan BERTSO POTEOA egongo da Iurretako kaleetatik zehar BERTSO ESKOLAREN eskutik. Egunari amaiera emateko, Athleticek jolastuko duen Kopako finala ikusi ahal izango dugu aurretik aipatutako karpan.

Ulertarazi nahi dugu aniztasun funtzionala ez dela hitzez klasifikatzen, Down, autismoa... beste edozein bezala, pertsona bakoitzak bere izena duela eta desberdintzen gaituen gauza bakarra funtzionatzeko era dela.

Hasieran aipatu bezala, hezkuntza mundutik lan egitea beharrezkoa ikusten dugu, horregatik ipini gara zuekin kontaktuan, haur eta gazteen hezkuntza erreferentzia garrantzitsuak zaretelako eta egun honi zabalkuntza handia eman ahal diozuelako ikasle, irakasle, familia... artean.

Edozer behar izanez gero, jakin beti edukiko gaituzuela entzuteko prest. Agurtzeko, gogoratu ezgaitasuna askotan begiratzen dugun begietan egoten dela.


Jaitsi kartela (PDF, 528 KB)