Albisteak

 

1975ean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak MARTXOAREN 8a finkatu zuen EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUN gisa. Mugarri garrantzitsua izan bazen ere, nazioarteko ospakizun hau ez zen egun hartan hasi; izan ere, XIX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako zenbait gertakaritan oinarritzen da.

Hain zuzen ere, 1910ean, 17 herrialdetako 100 emakume baino gehiago Kopenhagen bildu ziren, eta Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko proposamena onartu zuten; hori horrela, lehen ospakizuna 1911ko martxoaren 16an egin zen. 1917an, emakume errusiarrak euren eskubideen alde manifestatu ziren; martxoaren 8an izan zen, egutegi gregoriotarraren arabera. Beraz, aurten Emakumeen Nazioarteko Egunaren mendeurrena ospatzen da, gizonekiko erabateko berdintasunean eta gizarteko esparru guztietan parte hartzeko borrokaren hasieraren mendeurrena, alegia. Geroztik, mugimendu feministak, emakumeen elkarteek eta botere publikoek egindako lanari esker, eta agente sozial askok eta, oro har, herritarrek apurka apurka egin dituzten ekarpenei esker, aurrerapen esanguratsuak lortu dira gure gizartean, emakume eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez. Hala ere, gure gizarteak desberdintasun handiak ditu oraindik emakume eta gizonen eskubide, botere, baliabide eta etekinak baliatu, garatu eta kontrolatzeko orduan. Gaur, beraz, berdintasuna lortzea egiteke dagoen lana da, eta bere konplexutasun osoan ekin behar zaio horri.

BADAKIGUNEZ guztiz beharrezkoa dela emakumeek gure gizarteko esparru soziokultural, politiko, ekonomiko eta bestelakoetan parte hartzeko eta erabakiak hartzeko aukerak hobetu eta modu aktiboan babestu behar direla,

ADIERAZTEN DUGU botere-oreka handiagorantz jo behar dugula gizon eta emakumeen arteko harreman pertsonal eta sozialetan, eta gizarte honek emakume gehiago behar dituela erabakiak hartzeko esparruetan; besteak beste, udal, diputazio, gobernu, unibertsitate, enpresa, sindikatu edo patronaletan.

Hau guztiagatik, IURRETAko UDALAk emakumeen jabekuntza prozesuak babesteko KONPROMISOA HARTZEN DU, jabekuntza emakumeen kontzientzia indibidual eta kolektiboa hartzeko bide gisa ulertuta, modu horretan aukera izan dezaten erabaki-prozesuetan, boterea gauzatzeko orduan eta eraginerako gaitasunean euren partaidetza handitzeko. Era berean, beharrezkoak diren balio-aldaketak babestuko ditugu, emakumeak oztoporik gabe sar daitezen gure gizarteko erabakimen-esparruetara.