Albisteak

 

1989ko azaroaren 13an, Gernikako Juntetxean, Iurreta elizatea Durango udalerritik bereiztea onetsi zen, udalerri independentea izan zedin. Erabaki horren ondorioak 1990eko urtarrilaren 1ean sartu ziren indarrean, eta egun horretan ekin zion Iurretak bideari, Bizkaiko beste udalerri baten modura. Ondoren, urte bereko urtarrilaren 10ean, lehenengo udal osoko bilkura egin zen San Migel Elizaren arkupean, 1991. urteko udal hauteskundeetara arte udalerria kudeatzeaz arduratuko zen batzordea eratzeko.

Horrenbestez, 2015. urtean 25 urte beteko dira garai modernoan udalerri gisa bideari ekin genionetik; ospatzeko moduko urteurrena da, eta, are garrantzitsuago dena, 1990. urtean hasitako bide horretan jarraitu nahi dugula tinko berresteko moduko data ere bada.

Gure herria aldatu egin da 25 urtetan. Herriko edozein lekutan egonda, nahikoa da ingurura begiratzea herria aldatu dela egiaztatzeko. Baina ezin dugu autokonplazentzian gelditu. Oraindik lan handia daukagu egiteko. Eta, hain justu ere, horixe izan behar da herri hau osatzen dugun pertsona orok egin behar dugun lana, eta, orain arte bezala, gure lana, esfortzua eta ilusioa eman behar dugu horretarako. Horrez gain, herritarrentzat Iurreta leku hobea izan dadin saiakera horretan gure aurretik izan direnen lana eta esfortzua aintzatetsi eta baloratu egin behar dugu.  

25 urte hauetan ikasitakoa baliagarria izan behar zaigu etorkizunean pauso sendoz aurrera egiteko, gainerakoekin lankidetzan, gure udalerria garatuz bere indargune guztiekin, pertsona guztiak integratuz, sentsibilitate politiko guztiekin eta herrian bizi diren kultura guztiekin hitz eginez, elkartasunez biziz eta gure herriaren geroa denon artean eraikiz.

Horregatik guztiagatik, Iurretako Udalak adierazten du gaur, 25 urte geroago, herri gisa gure nortasuna berreskuratzera bultzatu gintuzten arrazoiak oraindik ere indarrean daudela:

  • Herritarren beharrizanetatik hurbilago, interes orokorrak zintzotasunez, objektibotasunez eta austeritatez defendatzeko. 
  • Baliabide publikoak hobekiago kudeatzea, udalerrian modu bidezkoagoan eta zuzenagoan banatzeko.
  • Udalerri orekatua eta egituratua lortzea lurraldeari dagokionez, zerbitzu publikoak herritarrei gerturatuz, berdintasun eta elkartasunaren berme gisa.

 

 

 

Argazki galeria

Bestelako multimedia edukia