Albisteak

 

Aurten ere, iurretarrek 2020ko aurrekontu partehartzaileetan parte hartzeko aukera izango dute. Oraingo honetan metodologia aldatuko da ahalik eta bizilagun gehienengana iristeko. "Laugarren urtea da aurrekontu parte-hartzaileak bultzatzen ditugula, eta zerbait aldatzeko beharra ikusten genuen, auzotar gehiagorengana iristeko", adierazi du Iñaki Totorikaguena alkateak.

Prozesua bi fasetan artikulatuko da. Proposamenak biltzea eta, ondoren, proiektuak lehenestea. Lehen fasean parte hartzeko epea otsailaren 3tik 16ra bitartekoa izango da, biak barne. Parte hartu ahal izango da HAZ-SACen kanpoaldean jarritako buzoaren bidez eta HAZ-SAC, Udaletxe eta KulturEtxean bertan horretarako jarritako kutxetan.

Horrez gain, otsailaren 5ean, asteazkenean, pertsona bat pasatuko da herriko auzo ezberdinetatik goizeko 10:30etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00retatik 19:00etara, prozesuaren berri emanez eta parte hartzea erraztuz.

Udalaren webgunean prestatutako inprimaki digitalaren bidez ere parte hartu ahal izango da. www.iurreta.eus. Aurreko urteetan bezala, 50.000 € erabiliko dira parte-hartze prozesuaren ondoriozko proiektuak gauzatzeko.

"Jasotzen diren proposamen guztiak udal zerbitzu teknikoek aztertu eta baloratuko dituzte, ondoren parte hartzeko prozesuaren bigarren fasean parte hartzen dutenek bozka ditzaten.", azaldu du Iñaki Totorikaguena alkateak. Bigarren bozketa fasera pasatzen diren proposamenek bideragarriak izan beharko dute teknikoki eta ekonomikoki, Udalaren eskumenekoak izan beharko dute eta herritarren interes orokorrari lehentasuna eman beharko diote.