Albisteak

 

Iurretako Udalak, 2019ko azaroaren 27an egindako Osoko Bilkuran, klima aldaketaren aurka konpromiso zehatzak hartzeko adierazpen instituzionala onartu zuen.

KLIMA ALDAKETAREN AURKA KONPROMISO ZEHATZAK HARTZEKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

“Larrialdi Klimatikoa datozen urte eta hamarkadetako agenda baldintzatzera etorri da, gure ongizatearentzako mehatxu nagusienetarikoa baita, benetako zibilizazio erronka bat. Mundu mailako eta Euskal Herriko egoera eta joerak ez du baikortasunerako tarte handiegirik uzten, are gutxiago geldotasunerako. Gazteentzako dagoeneko kezka nagusia bihurtu da, ez bakarrik larrialdia, baita gaiari ematen zaion erantzun politiko eskasa ere.

Azken urte luzeetan komunitate zientifikoak aldaketa klimatikoaren bilakaeraren inguruko abisuak eta jakinarazpenak igorri ditu. Aldaketa klimatikoa, Berotegi Efektuzko Gasen isuri masibo baten ondorioz gertatzen ari da, eta isuri horien arrazoi nagusia, bakarra ez bada ere, gure metabolismo sozioekonomikoa mantentzeko erretzen ditugun baliabide fosilen erabilpenean datza. Aldaketa klimatikoa, beraz, guk eragiten dugu nagusiki, eta dagoeneko ondorioak atzematen hasiak gara.

Urtez urte argitaraturiko txostenetan, egoera kaskartzen ari denaren zantzuak ditugu. Nazioarteko hainbat erakunde eta lantaldeek argitaratzen dituzten txostenetan gero eta argiago esaten da klima eta energia politiketan, eta ondorioz gure egunerokotasunean, eraldaketa sakon bat, iraultza bat, eman behar dela, baldin eta egoerari aurre egin nahi baldin badiogu eta aldaketa klimatikoaren efektu bortitzenak pairatu nahi ez baditugu. 2018ko urrian, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak, plazaraturiko txosten berezi batean, tonua altxa zuen indarrean dauden politikek behar besteko anbiziorik ez dutela salatuz, eta elektrizitatearen, nekazaritzaren, garraioaren eta industriaren sektoreetan aurrekaririk gabeko aldaketak eskatuz.

2018ko azaroan, Nazio Batuen Ingurumen Panelak aditzera emandako txostenak egoera larria dela ohartarazten du, esfortzuak areagotzen ez badira hondamendira goazela azpimarratuz.

Gaia bere osotasunean ikusirik, argi dago ataka batean gaudela eta orain arte proposatu eta egindakoa berraztertu beharrean gaudela. Ahal dela, eta industria iraultza aurretiko egoerarekin alderatuta, 1,5ºCko tenperatura igoera ez gainditzea helburutzat zuen 2015eko Parisko Akordioa betetzeko, orain arte emandako pausoak guztiz ez-nahikotzat jo beharrean gaude.

Hasieran genion bezala, zibilizazio erronka baten aurrean gaude, eta aurrez-aurre Jaurlaritzaren eragin esparru eta ahalmenak gainditzen dituen lanak baditugu ere, egoerak partekaturiko esfortzu bat eskatzen du.

2002-2020 Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategia eta bost urtetik behin onartutako esparru programek zehaztu dute euskal politika gai honetan. Gure ingurumen politika guztiz dator bat 2030 Agendarekin, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuekin eta Europar Batasunaren estrategiarekin.

Eusko Jaurlaritzak 2015ean onartu zuen “Klima 2050” Euskadiren klima aldakari buruzko estrategia, baita 2030 Estrategia Energetikoa ere 2016ko uztailean, eta bere egin zuen partekatutako erantzukizunaren printzipioa, printzipio horrek gidatzen ditu-eta isurketen murrizketei eta trantsizio energetikoari buruzko nazioarteko politikak.

Klima aldaketaren kontrako borroka mundu osoko erronka bat da, guztioi eragiten diguna, batez ere, herritarrengandik hurbilen gauden eta herritarren eskakizun eta beharrak ondoen ezagutzen ditugun erakundeoi. Horregatik, nazioarteko erakundeek azpimarratu dute “Eskualdeen Konpromisoa” funtsezkoa dela klimaren krisialdiari ekiteko. Mende honetan zehar Euskadik,  ekintzen bitartez erakutsi du konpromiso hori.

Jarraitu behar dugu bide horretatik eta ipar orratza ahalik eta azkarren karbono isurietan neutroa izango den Euskal Herri baterantz begira jarri beharrean gaude, eta horretarako ezinbestekoa da eraldaketa azkar eta eraginkorrak egitea. Prozesu honek gure jendartean inplikazio anitz eta sakonak ekarriko ditu, bai ehun produktiboan, bai mugikortasunean, bai lurralde antolamenduan eta abar, horregatik deritzogu pausu azkar eta eraginkorrak ematea ezinbestekoa dela.

  1. Iurretako Udalak larrialdi klimatiko egoera deklaratzen du
  2. Iurretako Udalak Jaurlaritzari eta beste erakunde guztiei eskatzen die, bakoitzak bere eremuan planak eta politikak egin ditzatela, 2050 baino lehenago Euskadiko Autonomia Erkidegoan karbono isurietan neutraltasuna lortzeko eta esfortzu gehigarriak egin ditzatela data hori 2040.urtera aurreratzeko.
  3. Iurretako Udalak, bere eskumenen baitan ,aldaketa klimatikoari aurre egiteko politika eraginkorrak garatzeko konpromiso irmoa adierazten du orain arte egin duen moduan hainbat neurri hartuta azkeneko urteetan (geotermia udaletxean, ibglgailu elektrikoak, LED , isolatze-termikoa Maiztegin…)
  4. Iurretako Udalak aldaketa klimatikoa eragiten duten udal eskumeneko faktore guztien inguruko diagnosi bat eta 4/2019 Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoaren Legearen garapena udalerrira egokitzeko hurbilpen lan bat egingo du 2020 urtean, orain arte egin diren ikuskaritza energetikoak gaurkotzeko.-
  5. Iurretako Udalak,udalerriko egoeraren diagnosia kontuan hartuta,larrialdi klimatikoari aurre egitea helburu duen plangintza herritarrekin adostuko du parte-hartze prozesu zabal baten bitartez.
  6. Iurretako Udalak plangintza hau aurrera eramateko beharrezkoak diren baliabideak bermatzeko konpromisoa hartzen du, bere gaitasunen araberakoa izanik plangintza gauzatzeko epea.
  7. Iurretako Udalak Bando baten bitartez emango die mozio honen berri herritarrei.”