Albisteak

 

Maiztegi Eskola berrizten jarraitzeko helburuarekin, Iurretako Udalak 34.000 euro inguru inbertituko ditu. Lanak udan egingo dira ikasleak eskolan ez daudela aprobetxatuz eta ikasturte berria hasi baino lehen amaituta egongo dira.

Horrela, Iurretako Udalak eskolako zuzendaritzarekin adostutako hobekuntza bi egingo ditu. Lehenengoa ume txikien jokuen gunea aldatzea izango da 17.300 euroko aurrekontuarekin. Joku berri bi jarriko dira (guri-jokua eta diaboloa) eta orain dagoen bat konponduko da. Bestalde, lurzorua ere aldatuko da kolore ezberdinetako kautxua jarriz, eta PVC-ko koloredun xaflekin itxiko da. Guztira 72 m2 inguruko azalera du guneak.

Bigarren hobekuntza kanpoko atariaren eta futbol zelaiko kanpoaldeko baranda aldatzea da, guztira 74 m., altzairu galbanizatuan eta 16.600 euroko aurrekontuarekin. Orain dagoena kendu egingo da.

Modu honetan, lan hauen bidez, eta egiten jarraituko diren beste hainbatekin, bi erakundeen arteko lankidetza nabarmentzen da.