Albisteak

 
  • Helburua da plazan jendea egotea eta jarduera ekonomiko soziala sortzea, bai eta inguru pribilegiatu hori nabarmentzea ere.
  • Proiektuak, Plazaren inguruan ostalaritza-jarduerak instalatzeko eta funtzionatzeko Ordenantzan ezarritakora egokitu beharko du.

Iurretan, azaroaren 30an. Iurretako Udalak lokal bat jarri du salgai Elixalde auzoan,Aita San Migel plaza inguruan. Ekimen horrek helburu bikoitza du: gizarte-jarduera sortzea eta plazako eremu horretan jendea egotea, eta jendearentzat interesgarriak diren proiektuak finantzatzea. Horretarako, jolas- eta gizarte-erabilerarako ekipamendua ezarriko da, hau da, laugarren kategoriako I. eta II. taldean dagoen kafetegi edo taberna bat.

Salgai jarriko den lokalak ehun eta berrogei metro karratuko (140 m2) azalera eraikia du, eta lizitazioaren oinarrizko prezioa 118.830 euro da (BEZ kanpo). Adjudikaziodunak lehen aipatutako ekipamenduetako bat ezarri beharko du besterentze-prozedura honetan aipatutako lokalean.

Lokalean egingo den jarduera abiarazteko epea hiru urtekoa izango da gehienez ere ondasunaren salmentaren eskritura publikoa egin eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

Jarduera ezartzeko epeak betetzen ez badira, kontratua suntsiarazteko baldintza bete dela joko da, eta udalari besterendutako ondasuna itzuli beharko zaio. 

“Uste dugu proiektu hau aurrera eramateko unerik egokiena orain dela, interes berezia duen eremu horretan jarduera arautzen duen ordenantza eta, honez gain, errepidea aldatzeko proiektu bat onartu berriak dauzkagulako plaza herriaren erdialdean integratuta eta hurbilago egon dadin.” azaldu du Iñaki Totorikaguena alkateak.