Albisteak

 

Iurretako Udalak, udalerrian hobekuntzak egin, energia aurreztu eta inguruaren ingurumen-hobekuntza egiteko konpromisoarekin aurrera egiten jarraitzeko asmoz, Olaburuko lurpeko pasabidean LED teknologia duen argiztapen eraginkorra jartzea erabaki du, segurtasuna hobetzeko eta irudia estetikoki hobetzeko.

Lurpeko pasabidea ibilgailuek eta oinezkoek erabiltzen dute, eta Aita San Migel eta ingurua lotzen ditu Bixente Kapanaga kalearekin.

Jarduketa horrekin, nabarmen hobetu nahi da lurpeko pasabidearen argiztapena, bai ibilgailuak igarotzen diren bidearen eremuan, bai oinezkoentzako espaloiaren eremuan. Horrela, bi eremuak seguruagoak izango dira.

Aldi berean, CO2-ren isurtze-maila baxua lortu nahi da, kontsumo elektriko murriztua erabiliz.

Argiak instalatzeko hiru linea erabili dira, larrialdiko argiak elikatuko dituen linea barne. Horietako bi oinezkoen espaloiaren gainean jarriko dira, eta hirugarren linea bidean jartzeko fokuetarako izango da.

Horrela, zeuden argi guztiak (94) ordezkatu, eta LED argiak jarri dira: 48 LED argi 55W-eko kontsumoarekin espaloiaren gainean, eta 20 LED proiektore 100W-eko kontsumoarekin bidearen gainean. Guztiak daude prestatuta telekudeaketa egiteko. Era berean, beste 6 LED argi jarri dira tunelaren sarreran eta irteeran, bertan dauden argi-paldoei akoplatuta.

Existitzen ziren 94 argien kontsumoa, gutxi gorabehera, urtean 105.865 kWh da, eta instalatutako LED ARGI BERRIEKIN urtean 36.617 kWh izango da; hau da, % 35eko kontsumoa izango da aurrekoarekin alderatuta (% 65 aurreztea). Urtean, guztira, 69.248 kWh aurreztuko da.

Argiaren mailei dagokienez, tunelaren barruan dauden batez besteko neurketak 250-265 luxekoak izango dira. Lehen 150 luxekoak ziren; hortaz, % 66,67ko hobekuntza egon da.

Jarduketa gauzatzeko aurrekontua 21.660 eurokoa da.

Bestalde, lurpeko pasabidearen egoera estetikoki hobetzen jarraitzeko eta oinezkoen espaloiaren alboan, iparraldeko horman, sortzen diren ur-sartzeak murrizteko, horma estali egin da hormara finkatutako aluminiozko egitura batekin, eta hainbat koloretako ohol fenolikoekin estali da.

Guztira, 300m2 inguruko azalera estali da, eta hori egiteko zenbatekoa 39.300 eurokoa izan da.