Albisteak

 

Iurretako Udalak bigarren aldiz jarri ditu martxan parte-hartze bidezko aurrekontuak, 2018ko aurrekontuetan horretarako esleitu diren 40.000 euroren xedea erabakitzeko asmoz, iaz 25.000 euro izan ziren.

Aurten ospatutako foroetan 20 proposamen jaso ziren eta horietatik zazpi pasatu ziren bozkatzeko fasera. Horrela, aurten erabaki diren proiektuak Maspe eta Bidebarrieta arteko lotura egokitu gasolindegi inguruan, Euskaldun berri parkea eta Ebroko zubi tartearen argiztapena hobetzea eta bidegorrian zehar eserleku gehiago ipintzea izan dira. Azpimarratzekoa da foroetan bizi izan dan giroa ezin hobea izan dala, eta egin diren proposamenak hausnarketa baten ondorioz izan direla denon parte hartzearekin eta beti ere Iurretako kalean, zerbitzuak eta instalazioak hobetzeko asmoz.

Parte-hartze izaerako aurrekontuen bidez, herritar guztiek har dezakete parte udal-aurrekontuaren eraketan, hala, herritarrak protagonista aktibo bilakatzen dira, hausnarketa aktiboa eta elkartasuna sustatzen dira, beharrizan errealentzako irtenbideak bilatzen dira, administrazioaren eta herritarren arteko komunikazioa hobetzen da, eta abar.

Foroak abenduaren 19an eta otsailaren 19an egin ziren, eta hogei pertsona inguruk hartu zuten. Lehenengo foroan, parte-hartze  izaerako aurrekontuen metodologiaren berri eman zen laburrean, eta 40.000 euroak zer proiektura bideratu erabakitzeko proposamenak eta iritziak jaso ziren. Aurreko foroan herritarrek egindako proposamen eta eskarien gainean Udalak garatutako informazioaren berri eman eta bozkatuko ziren ekintzak zerrendatu ostean, bigarren foroan herritarren arabera aurrekontu horrekin egikaritu behar ziren proiektuak lehenetsi ziren.

Iurretako foroaren akta 2017-12-19 (PDF 546KB)

Iurretako foroaren akta 2018-02-19 (PDF 692KB)