Albisteak

 

Iurretako Udala Karrikan plataformaren kidea da. Karrikan 2016an sortutako plataforma bat da, kaleko arte eszenikoak Pirinioen alde bietan lagundu eta sustatzeko helburuarekin. Gaur egun, plataformako kide dira: Gasteizko, Bilboko, Iruñeko, Hendaiako eta Libourneko udalak, Euskal Elkargoa-Hameka eta Nafarroako Quiero Teatro antzerki-sustatzailea. Beste alde batetik, Arrigorriaga, Iurreta eta Zarauzko udalak kide laguntzaileak dira.

Aurten Amaia Elizaranen Block dantza garaikideko pieza eta Mystérieuses Coiffures konpainiaren La leyenda del hombre pájaro ipuin onirikoa aukeratu dira Karrikan plataformaren bigarren edizioan aurkeztu diren 20 proiektuen artean; plataforma horrek Euskal herriko kaleko arteen sorkuntza sustatzen du. originaltasunagatik, planteamendu artistikoaren zailtasunagatik eta proiektuen bideragarritasunagatik eman diete Karrikaneko kideek baloraziorik handiena aipatu diren lanei.

Emakume biren arteko dantza-lan bat da Block; Amaia Elizaran bera eta Leire Otamendi dira emakume horiek, harremanak gorputzaren bitartez dituztenak eta euren artean aurkakotasun- eta blokeo-indarrak sortzen dituztenak erresistentzia horietan oinarritutako hizkuntza propio bat eraikitzeko helburu irmoarekin. Beste aldetik, La leyenda del hombre pájaro lanak, hura ere hastapenetan, habia handi baten inguruan elkartuko ditu Christophe Pavia artista eta Mélanie Spettel dantzaria; oso pieza bisuala da, eta habia horretatik sortuko da txori-gizona. Ikuskizun biek maiatzera arte garatuko dute euren sorkuntza-prozesua, eta, horretarako, egonaldi artistikoak egingo dituzte, Karrikanek eskainiak, leku hauetan: Hameka Karrikako Arteen Fabrikan, Luhuson (Lapurdi); Harrobia ekoizpen eszenikorako zentroan, Bilbon; Mendi Zolan kulturgunean, Hendaian (Lapurdi), eta Gipuzkoako Dantzagunea sorkuntza-zentroan, Errenterian.

Pieza biak Hendaiako Antzerkiaren Maiatza jaialdian estreinatuko dira 2018ko maiatzaren erdialdean eta ondoren Gasteizko KaldeArten; Bilboko Kalealdian; Libourneko Fest’Arts-en; Iruñako Festival de la Murallan; Abian!; Arrigorriagako el Festival de Clown; Iurretako Kalez Kalean eta Zarautzko Kalerkin programatuko dira.

Konpainia biei laguntza hauek emango zaizkie: guztira 24.000 euroko laguntza ekonomikoa, hiru sorkuntza-egonaldi egiteko laguntza eta programatua izatea kideen herrietan.

Karrikanek hitzarmen bat du Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearekin, Pirinioen alde bietako eragileen arteko lankidetza-proiektuak sustatzeko, eskualdeen arteko harremanak sendotu nahi baitira garapena laguntzen duten jardueren alde eginez.

Euskal Herrian kaleko arteen egoeraren ikuspegi bateratua eman nahi du Karrikanek, agerian gelditu baita kaleko arteetan sorkuntzaren aldeko laguntzak ez direla behar bestekoak, bereziki sortzen ari diren konpainia edo artistentzat, eta horrela osatu nahi dira, edo ordeztu kasu batzuetan, alor horretako gabeziak.