Albisteak

 

Gaur goizean egin den osoko bilkuran aho batez onetsi da 2018. urterako Iurretako aurrekontua, 5.643.492 eurokoa.

Aurrekontuaren zenbateko osoa aurreko ekitaldikoa baino zertxobait txikiagoa da, hau da, % 1,40ko murrizketa egon da. Orokorrean egonkortu den testuinguru baten baitan, aurrekontu zuhur baten aldeko apustua egin da, kontuan izanda, gainera, azken hiru urteetan ez direla tasak eta zergak gehitu, eta, horrenbestez, I., II. eta III. kapituluek ez dutela nabarmen gora egin.

Horiek horrela, diru-sarreren aurreikuspen errealista eta zuhur bat egitea erabaki da, kontuan hartuta Udalkutxaren ekarpenek izan duten gehikuntza arina; hori guztia, gastuei, zerbitzuei eta aurreikusitako inbertsioei behar bezala aurre egiteko.

Egoera ekonomiko orokor horretan, udalak zergarik gabeko egoera finantzario bat mantentzen du. Eta nabarmentzekoa da herritarrek gehien eskatzen dituzten oinarrizko zerbitzuak mantentzen direla (gizarte zerbitzuak, tailer kulturalak, Kulturetxe, Liburutegia, AuzoTaxi…).

Halaber, IV. kapituluak izan duen gehikuntza azpimarratu beharra dago. Kapitulu horretan banakako laguntzak (alokairurako laguntzak, fatxadak eta igogailuak birgaitzeko laguntzak, hezkuntzarako laguntzak, gizarte larrialdiko laguntzak…), eta udaleko elkarte eta taldeentzako laguntzak sartzen dira. Guztira 260.000 euro zuzendu dira bi kontzeptu horietarako.

Kapitulu horren gainerako zenbatekoa, 720.000 eurokoa, mankomunitateari, ematen dituen zerbitzuengatik (hiri-hondakinen bilketa, oinarrizko gizarte-zerbitzuak, Behargintza, OMIC eta abar), egin beharreko ekarpenari dagokio.

Inbertsioen kapitulua guztira 700.000 eurokoa da, eta, aurrez azaldutako baldintzak aintzat hartuta, kopuru handi baten inbertsio-ahalegina da.

2018ko ekitaldirako aurreikusten diren proiektu nagusiak honako hauek dira:

  • Hiri Antolamenduko Plan Orokorra: 100.000 €
  • Askondo eta Maspe arteko berrantolaketa: 100.000 €
  • Maiztegi: 50.000 €
  • Liburutegiko ikus-entzunezko eremua: 15.000 €
  • Hainbat auzotan egingo diren inbertsioak: Errepideak 60.000 € eta LED argiak 20.000 €
  • Olaburuko tunelaren hobekuntza orokorra eta argiak ordezkatzea: 40.000 €
  • Hexagonoa – IUGazte: 30.000 €
  • Aurrekontu parte-hartzaileen proiektua: 40.000 €

Aurrekontu honetan kontuan hartu dira Osoko Bilkuran ordezkaritza duten gainerako talde politikoen ekarpenak, eta aho batez onetsi da.

Sarreren laburpena (PDF 127KB)

Gastuen laburpena (PDF 359KB)

Gastu eta sarreren laburpena (PDF 31KB)