Albisteak

 

Iurretako Udalak lokal bat jarri du salgai Elixalde auzoan,Aita San Migel plaza inguruan. Ekimen horrek helburu bikoitza du: gizarte-jarduera sortzea eta plazako eremu horretan jendea egotea, eta jendearentzat interesgarriak diren proiektuak finantzatzea. Horretarako, jolas- eta gizarte-erabilerarako ekipamendua ezarriko da, hau da, laugarren kategoriako I. eta II. taldean dagoen kafetegi edo taberna bat.

Salgai jarriko den lokalak ehun eta berrogei metro karratuko (140 m2) azalera eraikia du, eta lizitazioaren oinarrizko prezioa 118.830 euro da (BEZ kanpo). Adjudikaziodunak lehen aipatutako ekipamenduetako bat ezarri beharko du besterentze-prozedura honetan aipatutako lokalean.

Besterendutako lokalean garatu nahi den jarduera-lizentzia eskatzeko gehieneko epea bi urtekoa izango da, ondasunaren salmentaren eskritura publikoa egin eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Era berean, lokalean egingo den jarduera abiarazteko epea hiru urtekoa izango da gehienez ere.  

Lizentzia eskatzeko eta jarduera ezartzeko epeak betetzen ez badira, kontratua suntsiarazteko baldintza bete dela joko da, eta udalari besterendutako ondasuna itzuli beharko zaio. 

Proiektuak, halaber, udalaren enpresa- eta merkataritza-proiektuen lehiaketatik onura atera dezake; izan ere, lehiaketaren xedea Iurretan bertan enpresa berriak sortzea bultzatzea da. Deialdi honetan parte hartuko duten proiektuek, hautatuak izanez gero, 6.000 euroko saria jaso ahalko dute eskudirutan.

Iñaki Totorikaguena Iurretako alkateak hauxe esan du: «Udalaren asmoa plaza erakargarriagoa izatea,giro hobeagoa edukitzea eta herria gehiago kohesionatzea da. Uste dugu kafetegi edo taberna bat instalatzea interesgarria izan daitekeela herritarrentzat, inguru horretan baititugu eliza, udaletxea eta pilotalekua. Horrez gain, oso hurbil dago hezkuntza-eskaintza guztia, eta oraingoz ez daukagu mota horretako inolako lokalik bertan. Bestalde, aukera erakargarria iruditzen zaigu inguru historiko, eder eta lasai batean ostalaritza-jarduera bat garatu nahi duen edonorentzat».