Albisteak

 

Energia eraginkortasunaren eta iraunkortasunaren aldeko apustuan, Iurretako Udalak truke geotermikoko sistemaren bidezko klimatizazioa instalatuko du udaletxean.

Gaur egun, eraikinean beharrezkoa den berokuntzarako eta hozte-sistemarako bi ekoizpen-sistema ezberdin daude. Alde batetik, 25 urte baino gehiago dituen 80 kw-ko gasolio-galdara bat dago berokuntzarako eta, beste alde batetik, airea eta ura hozteko hozte-sistema bat dago.

Elementu horiek kendu egingo dira, eta eraikina truke geotermikoko sistema baten bitartez egongo da termikoki hornituta. Sistema horrek lur-azpia erabiltzen du energia hartzeko, eta, hortaz, nabarmen murriztuko da kontsumoa, bai berokuntzan, bai ACS eta hozte-sisteman.

“Urtebetean, gaur egungo gasolio-galdararen sistemarekin alderatuta, ekonomikoki, energetikoki eta igortzeetan aurreztuko duguna kalkulatu dugu, eta urtean % 83 aurreztuko da ekonomikoki, eta energian eta karbono dioxidoaren igortzeetan ere % 56 eta % 73 aurreztuko da, hurrenez hurren. Zifra garrantzitsuak dira, eta horregatik animatu gara inbertsioa egitera eta energia erabat berde horretara aldatzera”, adierazi du Iñaki Totorikaguena alkateak.

Tenperatura baxuko energia geotermikoa biltzeko, zulatze bertikalak egingo dira eraikinaren atzeko aldeko lursailen, non 130 metroko sakonera duten zunda geotermikoak sartuko dira lur-azpirantz. Bertan, truke geotermikoko 650 metroko zirkuitu bat osatuko da. Zunda horiek U formako hodiak dira, eta horien barrutik lurrarekin beroa trukatuko duen fluido batek zirkulatuko du.

Berokuntzarako beroa lurretik aterako da (foku hotza) eta eraikinean dagoen berokuntza-sistemara transferituko da (foku beroa). Hozte-sistemari dagokionez, eraikinetik beroa aterako da (foku hotza) eta lurzatira transferituko da (foku beroa).
Hori guztia osatuko da makinen gelako ekipo osagarrietarantz doazen hoditeriekin, zeinetatik bero-bonba baten bitartez sistemarekin konektatuko diren eta eraikinean zehar banatuko diren. Girotu beharreko azalera hiru solairuk osatzen dute, eta, guztira, 465 m2 dira.

Obrak gauzatzeko epea bi hilabetekoa izango da, eta TELUR enpresa adjudikaziodunak egingo du 76.000 eurogatik. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntzak izango ditu.