Albisteak

 

Atzo, uztailak 26an ospatutako Udal Osoko Bilkuran Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eraikin hexagonalaren bueltatzea eskatzea onartu zen aho batez, udalerriko gazteen beharrizanak asetzeko, Iu Gazte gazte programaren barruan.

Udal-mugartean dagoen Juan Orobiogoitia institutuak udal-titulartasuneko higiezin bat du, eta gaur egun ez zaio inolako erabilera akademikorik ematen. Eraikin hexagonala bi solairuko higiezin bat da, eta gainjarrita dauden bi hexagonok osatzen duten azalera du, 180,00 m2-koa. Durangoko Udalak 1967ko irailaren 21ean eskuratutako lursailean dago eraikina, eta lursail horretan eskola-multzo bat eraikitzeko abuztuaren 4an hartutako Osoko Bilkuraren erabakiaren bitartez eskuratu zen.

1996ko abuztuaren 29an, idatzi bat jaso zen, non EUDELen Batzorde Betearazleak hartutako erabakiaren egiaztagiriaren laburpena bidali zen. Erabaki hori 1996ko uztailaren 11ko bileran hartu zen, eta udal-titulartasuneko eraikinetan 1996-1997 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza irakatsiko duten zentroen finantzaketari buruzkoa da. Bertan, hauxe adierazten zen: “……epe horretan egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioari eraikinen erabilera lagatzeko edo antzeko formula baterako egokiak diren lege-izapideak”.

“Gaur egun, eraikin horrek ez du erabilera akademikorik, Juan de Orobiogoitia zentroko zuzendariarekin hitz egin eta gero egiaztatu dugunez. Beraz, aukera ezin hobea daukagu Iurretak dituen premientzako erabiltzeko. Horrela bertan daukagun azpiegitura bat berrerabili eta hobetu dezakegu, behar den inbertsioa lar altua izan gabe”, azaldu zuen Iurretako alkatea den Iñaki Totorikaguenak.

Udalak higiezin hori behar du, udalerriko kultur eskaerari eta gazteen aisialdirako erantzuna emateko. Gaur egun udalak Ibarretxe Kultur Etxea eta Goiuria Kultur gunea horretarako dituen azpiegiturak osatuz, eta horrela, udalerriko gazteen beharrizanak asetzeko, urte honetan zehar garatu den IU Gazte izeneko gazte programaren barruan hauteman den bezala.

Beraz, guzti hau kontutan hartuta Iurretako Udalbatzak aho batez erabaki du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatzea eraikin hexagonala Iurretako Udalari itzultzeko, bai eta alboko lursailak itzultzeko ere, 1.600 m2-ko azalera dutenak, udal erabilera emateko eta dauden kultur eta gazteen aisialdirako azpiegiturak gehituz.