Albisteak

 

Duela bi urte,Iurretako Udalak, Askondoko eremu horretan zirkulazioa etetea erabaki zuen; izan ere, argi geneukan herriko inguru horrek giza harremanetarako gunea izan behar zuela. Sakon hausnartutako erabakia izan zen, eta espazio horretatik egunero 800 ibilgailu igarotzen zirela egiaztatu eta gero hartu genuen erabakia. Gainera, azterketaren arabera, ibilgailuen % 80 ez zetorren edo ez zihoan herrigunera.

Ordutik, ideia hori lantzen joan ginen gizarte-bizitzarako espazioak berreskuratu ahal izateko eta herri-habitata zein hiri-kalitatea hobetzen joateko, premia-premiazkotzat jotzen baitugu gure herrian dagoen gabezia bati aurre egin ahal izateko. Herrigunean ez geneukan espazio estalirik, eta horrek asko mugatzen gintuen, batez ere, euria egiten zuen egunetan.

Hiri-inguru hau eta estalita egotearen ideia proiektu bihurtu ziren gure udal-arkitektoa den Angel Basaberi esker. Alabaina, proiektua herritarrek parte hartzeko hiru forotan egon zirenen ekarpenekin aberastu zen, hasierako ideia hobetzen lagundu zutenak. Azkenean, Gonzalo Ispizuak moldatu eta idatzi zuen lana, eta Artzamendi enpresak gauzatu.

Espazioak 900m2 inguru ditu, eta horretatik 360m2 inguru altzairu eta EFTE materialek osatutako egiturarekin estali dira. Gune ireki bat sortu nahi da, oinezkoentzat erosoa; hortaz, xede bakarra da hirigintza-plangintzan herriguneko kalitate oneko espazio publikoak sortzea, oinezkoei nahiz herritarrei mesede egiteko filosofia argiarekin.

Bestalde, gazteenek gozatzeko eta jolasteko gunea izatea nahi dugu; hori dela eta, udan freskatzeko ur-txorrotak eta rokodromo txiki bat jarri ditugu. Mahai-jokoetarako eremu bat dago, asmoa da dohako wifia jartzea eta betiko jokoak jarriko ditugun lurzoruan.

Espazio bizia izatea nahi dugu, sortzen zaizkigun premietara egokituko dena eta guztion artean hobetzen joango garena.

Udaletik espero du gu errespetuz eta hezibidez erabiltzen jakin dezagun, orain herritar guztiontzako txokoa baita.