Albisteak

 

Iurretako Udalak lankidetza-hitzarmenak sinatu ditu hogeita hamar elkarterekin, udalerriko kultura, kirol eta gizarteari lotutako ekintzen esparruan lan egin eta kolaboratzen dutenak.

Hitzarmenak sinatzerakoan, Iurretako Udalak elkarteei 150.000 euro emateko konpromisoa hartuko du; batik bat, elkarteen funtzionamendua eta mantentzearekin laguntzeko erabiliko da dirua.

Hitzarmenak urteko lehenengo hiruhilekoan sinatuko dira,martxoak 31a baino lehen, horrela, eskaera egiten duten elkarteek ahalik eta arinen jasoko dute 2017. urterako esleitutako aurrekontuko partida eta jarduerak garatu ahal izango dituzte. Ondoren, eta urtea amaitu baino lehen, justifikatu eta likidatu egingo dira.

Udalak, halaber, elkarteen esku jarriko ditu helburuak lortzeko behar dituzten azpiegitura eta baliabide material guztiak.

Era berean, herriko elkarteek erabiltzeko pentsatutako Goiuria Kultur Gunea udal-lokalean elkarte horietako hamahiruk egoitza dute, eta bilerak egiteko, biltegirako eta beste hainbat gauzatarako erabili ohi dute. Horrez gain, beste elkarte batzuek udalaren beste lokal batzuk erabiltzen dituzte sortzen zaizkien premietarako.

“Elkarteek egiten duten lana ordainezina dela uste dut, eta behar-beharrezkoa; hori dela eta, udalak ahalegin handia egiten du, ez bakarrik ekonomikoki, baita beste eremu batzuetan ere, besteak beste: estaldura eta azpiegiturak eskaintzen ditu, Goiuria Kultur Gunea eta beste lokal batzuk elkarteen esku jartzen ditu jarduerak egiteko, eta elkarteei laguntzeko prest agertzen da beti, ahal duen neurrian”, esan du Iñaki Totorikaguena Iurretako alkateak.