Albisteak

 
  • Iurretako gazteen behar eta nahiak detektatu, eta hauei erantzuteko ekintza eta baliabide aproposenak landuko dira prozesu honetan.
  • Iurretako Udalak 10.000 euroko diru kopurua jaso zuen horretarako 2017rako aurrekontuetan

Iurretako gazteria zerbitzuaren oinarriak definitzeko parte-hartze prozesua martxan da IU!Gazte izenekoa. Horretarako Iurretako Udalak 10.000 euroko diru kopurua jaso zuen 2017rako aurrekontuetan.

Hasi berri den bide honetan, Iurretako gazteen behar eta nahiak detektatu, eta hauei erantzuteko ekintza eta baliabide aproposenak landuko dira 12 - 18 urte bitarteko neska-mutilekin batera.

Hasitako prozesua fase ezberdinetan banatuko da. Horrela otsaila eta martxoaren bitartean IKERTU fasea eramaten ari da aurrera Iurretako errealitatea ondo ezagutzeko, elkarrizketak egin dira herriko agente ezberdinekin: gazteak, guraso elkarteak, kirol elkarteak, aisialdi elkartea, kultur etxeko langileak...
 
Bigarren fasea SORTU izenekoa martxoa eta maiatzaren bitartean egingo da. Hemen gazteekin batera lan egiteko bi tailer antolatu dira. Nahi eta beharrak zehaztu, eta hauei erantzuteko ideiak landuko dira elkarlanean. Zer behar dugu? Nola eta zein baliabiderekin erantzungo diegu? Aldi berean, Gazteria Zerbitzuen inguruko ideiak landuko dira baita Kultur Etxeko langileekin.
Eratorritako ideietatik maiatzean zehar gauzatuko diren bi  ekintza zehaztuko dira. Ekintzak burutzearen helburua ideak praktikan jartzea da, hauen egokitasuna frogatu ahal izateko.

Lehenengo tailerra martxoaren 24an ospatuko da Ibarretxe Kultur Etxean 17,30ean.12 eta 15 urte bitarteko gazteei bideratua egongo da. Bigarren tailerra martxoaren 31n izango da 16 eta 18 urte bitarteko gazteekin 17,30ean Ibarretxe Kultur Etxean
 
Hirugarren eta azken fasean DEFINITU egingo da zerbitzua eta maiatzaren zehar landuko da. Garatu beharreko Gazteria Zerbitzuaren lan ildoak eta eman beharreko pausuak zehaztuko dira.  
Tailerretan eta prozesuan parte hartzeko edota ideiak emateko kultur-etxea@iurreta.eus helbidera idatzi beharko dute “Eta zuk, ze ideia dituzu?” galderari erantzuna emanez.

 Kartela ikusi (JPEG 2,26MB)