Albisteak

 

Iurretako Udalak 2017an euskararen erabilera bultzatzeko hainbat ekimen jarriko ditu martxan, Euskararen Aholku Batzordearen eta Elhuyar Aholkularitzaren laguntza eta lankidetzarekin.

Aurtengo lehendabiziko batzarrean, hurrengo hilabeteotan abian jarriko diren ekimenak zehaztu eta antolatu dituzte Euskararen Aholku Batzordeko kideek.

Euskararen Erabilera Plan berria
Udal barneko Euskararen Erabileraren Plana berriztuko da aurten. Horrela, 2018-2020ko epealdirako, Udalak euskararen erabilera bultzatzeko lortu beharreko helburuak zehaztuko ditu.

Berba-sarea
Udaleko langile guztiek Berba-sarea izeneko proiektuan parte hartuko dute. Proiektuaren asmoa da langileen hizkuntza-ohituretan eragitea eta euren arteko harremanak euskaratzea, bai ahoz, bai idatziz. Bi hilabetez egongo da proiektua martxan, eta, ondoren, euskararen erabilerak gora egin duen neurtuko du.

Euskara betibizi
Udalerriko merkatariei eta ostalariei laguntza eskaintzen jarraituko du Udalak, kartelak, menuak eta bestelako euskarriak euskaratzeko. Horrez gain, zerbitzu-enpresa txikiei (ile-apaindegiak, estetika-zentroei…) proiektuan parte hartzeko gonbita egingo die.

Elkarte kultural eta sozialekin elkarlana
Herriko elkarte kultural eta sozialekin lanean hasiko da Udala. Elkarte bakoitzean euskararen erabilera nolakoa den aztertu eta euskararen erabilera bultzatzeko zer egin dezakeen zehaztuko du. 

Mintzopotea
Iaz, Iurretako lehendabiziko Mintzopotea antolatu zuen Udalak Eta arrakasta handia lortu zuen. Aurten, bigarren Mintzopotea antolatuko du, maiatzaren 26an, Dantzari Plazan. Euskaldun zaharren eta euskaldun berrien arteko sareak eraikitzea izango du helburu.

Sarean sun-sun
Teknologia berrietan euskararen erabilera indartzeko asmoz, Sarean sun-sun lehiaketa izango  da. Hilero, Iurretako bitxikerien inguruko galdera bat zabalduko du sare sozialen bidez (Whatsapp, Facebook, Twitter…): herriko txokoak, ohiturak, gertakariak… Edozein herritarrek parte hartu ahal izango du lehiaketan, erantzuna telefono-zenbaki batera bidalita. Galdera asmatzen duten herritarren artean sari bat zozkatuko da hilero-hilero.