Albisteak

 

Iurretako Udaleko EAJ-PNV, EHBILDU eta PSE-PSOE talde politikoek, Euskadi, Espainia eta Europar Batasunaren mailan dauden araudiak zein nazioarteko akordioak kontuan hartuta, agiri honen bidez gure artean adostu dugun jarrera erakusten dugu, jarraian zehazten diren alderdiei eta kontuei dagokienez:

Euskadin eta Iurretan, pertsonak dira politikak gizarte inklusibo bat eraikitzera bideratzea behartzen duen jarduketa ardatza; gizarte horretan pertsona guztiek bizitza arrunta, erabatekoa eta duina garatu dezakete, beren jatorria edo izaera kontuan hartu gabe eta horrela bizikidetzarako proiektu irmoa eraikitzeko. Talde politiko guztiok konpromiso bat hartu dugu edozein esparrutan ager daitezkeen tolerantziarik ezaren jarreren agerpenak, edozein motatakoak, saihesteko eta horien aurka borrokatzeko: bereizkeria, gorrotatzeko akuilatzea edo horren diskurtsoa, areriotasuna eta indarkeria.

Iurretak udalerri kohesionatua izan nahi du, herritar guztiek aurrera egiten duten neurrian aurrera egiten duena. Horrek berekin dakar bertan bizi diren pertsona guztien oinarrizko eskubideak benetan gauzatzen direla bermatzea.

Gure udalerria plurala eta askotarikoa izan da beti, eta elkarrekin bizi izan gara desberdintasunaren eta errespetuaren ikuspegitik. Aniztasuna gure historiaren eta gure identitate kolektiboaren funtsezko zati bat da. Iurreta lehengo zein oraingo migratzaileak hartzen dituen udalerria izan da eta bada. Harrera hori izaera ireki batez  egin da, aniztasuna errespetatuta eta euskaldunen migrazio historia kontuan hartuta. Hori guztia egin da, bai administrazio araudi esparrua, hain ezaguna dena, zorrotz betez bai erlijio askatasunaren, tratu-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren berariazko arloak landuz.

Erlijio askatasunerako oinarrizko eskubidearen berariazko arloari dagokionez, Giza Eskubideen Adierazpenetik beretik hasita badago araudi multzo zabal bat Europa mailan zein estatu mailan, erlijio askatasuna funtsezko eskubidetzat jotzen duena. Estatuak adierazpen eta fundamentazioen multzo oso horri atxikitzeak araudi balioa ematen dio, erregulazio ondorioetarako. 

Horrela, indarreko araudi esparrua, aginte publikoek jarduteko orduan derrigor bete behar dutena, oinarrizko bi erreferentziak osatzen dute: 1978ko Konstituzioa eta Erlijio Askatasunari buruzko 1980ko Lege Organikoa.

Legearen aurreko berdintasuna, hau da, jaioterri, arraza, sexu, erlijio, iritzi edo beste edozein izaera edo zirkunstantzia pertsonal edo sozial dela-eta inolako bereizkeriarik ez izatea, aldarrikatzeaz gain, bietan, artikuluetan zehar, honako hau ezartzen da beren-beregi:
- Sinesbide bakar batek ere ez du izango estatu maila.
- Gizabanakoen eta komunitateen ideologia, erlijio eta kultu askatasunak bermatzen dira, haien adierazpenetarako muga bakarra izanda legeak babesten duen ordena publikoari eusteko beharrezkoa dena.
- Sinesmen erlijiosoek ez dute desberdintasunik edo bereizkeriarik ekarriko legearen aurrean.
- Aginte publikoei dagokie baldintzak sustatzea, gizabanakoaren eta hura barne hartzen duten taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eraginkorrak izan daitezen, baita haren osotasuna eragotzi edo zailtzen duten oztopoak kentzea eta gizabanako guztiek bizitza politikoan, ekonomikoan, kulturalean eta sozialean parte hartzen laguntzea ere.

Artikulu guztien baterako irakurketak aukera ematen du sektore publikoaren eta sinesbide erlijiosoen arteko harremana zehazteko, eta ez bakarrik banantzearen eta neutraltasun pasiboaren hitzetan beharrizanei eta eskaerei dagokienez. Izan ere, irakurketak aginte publikoek aktiboki esku hartzea eragiten du, gizabanakoen eta erlijio komunitateen kontzientzia, erlijio eta kultu askatasunerako oinarrizko eskubidea aitortu, babestu eta susta dadin.

Tratu-berdintasunari eta bereizkeriarik ezari buruzko araudi esparrua, oinarrizko araudi erreferentzia dena, Konstituzioan ez ezik, Zerga, Administrazio eta Gizarte Arloetako Neurriei buruzko abenduaren 30eko 62/2003 Legean ere zehaztuta dago. Azken horrek Kontseiluaren 2000ko ekainaren 29ko 2000/43/EB Zuzentaraua, pertsonen artean, horien arraza- nahiz etnia-jatorria gorabehera, tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeari buruzkoa dena, irauli egiten du Espainiako antolamendu juridikora. Halaber, nazioartean nabarmenak dira Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala eta Europako Gutun Soziala, Estatuak horiekin bat egin baitu eta derrigor bete beharrekoak baitira.

Horrek guztiak badakar hirigintzaren, espazio publikoen erabileraren, segurtasunaren eta abarren inguruan indarrean dauden arloko araudiak benetan betetzen direla bermatzea eta, aldi berean, erlijio askatasunaren arloko araudia betez, kultu espazioak zabaltzen direla bermatzea, baldin eta araudi horietan adierazitako betekizunak betetzen badira.

EAEko erakunde maila ezberdinak ere sustatzen ari dira aniztasunaren agerpenak gure lurraldean behar bezala kudeatzeko helburua duten politikak eta ekimenak, laguntza espezializatua eskainita, legezkotasunaren barruan egon arren, nolabaiteko tirabirak, erresistentziak, beldurrak, zalantzak eta ezjakintasun soziala sor ditzaketen eta gure bizikidetza asalda dezaketen prozesuetan.

Alde horretatik, Udal honek laguntza eta aholkularitza espezializatuak eskatu dizkie hainbat erakunde publikori beren-beregi, Achourra elkarteak eskatutako meskita berehala zabalduko dela kontuan hartuta. Gaur egun, laguntza hau, meskita zabaltzea eskatu duen komunitate islamikoak, jabekideen erkidegoak eta Udalak berak onartu egin dute, prebentzio eta, hala denean, konpontze ikuspegitik desadostasunak, tirabirak, informazio falta, elkarren ezjakintasunak eta abar sor litzaketen alderdiak batera lantzeari begira.

Laburbilduta, komunitate eta erakunde mailan lan egitea da gure asmoa, jabekideen erkidegoak, komunitate islamikoak eta Udalak berak agertutako kontu guztiei heltzeko.

Beraz, EAJ-PNV, EHBILDU eta PSE-PSOE udal taldeek, aurreko printzipioei eta horiek arautzen dituzten araudi esparruei jarraituta, honako konpromiso hauek hartzen ditugu gure gain:

1. Gure jarduketaren ardatza herritarrak eta horien bizikidetza arrunta direla adierazi eta bultzatzea, herritarren konfiantza irabazi nahian hurbiltasunaren, ikusgarritasunaren, irisgarritasunaren eta horien beharrizanetarako prestasunaren bidez.

2. Zorrotz errespetatzea berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioak, eta herritarren bizikidetzaren eremuetan tolerantziarik ezaren agerpenik dakarren edozein jarrera, portaera edo praktika baztertzea.

3. Oso arduratsuak izatea gure udalerrian batera bizi diren kolektiboen arteko gorrotoa bultza dezaketen adierazpen eta iritzi politikoekin, bereziki komunikabideetan egiten direnekin.

4. Udalerrian gerta daitekeen eta bizikidetza arrunta eta baketsua asalda dezakeen bereizkeriarik ezaren edozein agerpen  arbuiatzea.

5. Laguntza prozesua sustatzea, erlijio eta kultura aniztasuneko bizikidetzaren ikuspuntutik prozesuak ukitzen dituen jabekideen erkidegoen eta erlijio komunitateen beharrizanei erantzuten diena; halaber, Iurretako Udaleko gobernu organoari babesa ematea abiarazi den prozesu osoan zehar.