Albisteak

 

Azaroaren 24an, Iurretako Udalak webgunearen berrikuntza aurkeztu du, Iurreta Zabaltzen gobernu irekirako plataformarekin eta Iurreta Zabaltzen mugikorrerako aplikazioarekin batera.

www.iurreta.eus webgunearen berrikuntza

Iurretako Udalak webgunearen itxura berritu du, eta irudi berriago baten aldeko apustua egin du diseinuan. Webgune berriak aurreko diseinuaren abantailak dauzka, baina, aurkezpena hobetzeaz gain, informazioa modu antolatuagoan eskaintzen du, diseinu erraz eta argiago bati esker.

Udalaren webgune berriaren helburua da herritarrek gaur egungo gai garrantzitsuenen, Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen eta herriko intereseko gai guztien berri izaten jarraitzea.

Goiburu nagusia mantendu egin da, atal nagusi hauek nabarmenduta: Udala, zerbitzuak, izapidetzeak, enpresak eta baliabideak, eta kultura gehitu da. Webguneko atal nagusiak begiratu batean ikusteko aukera eskaintzen du, eta, horien barruan, informazioa modu argiagoan antolatu da; zenbait kasutan, informazio gehiago jarri da, Udalaren gardentasuna hobetzeko asmoz.

Halaber, Iurretako Udalak Iurreta Zabaltzen plataforma abiarazi du, Udala herritarrengana hurbiltzeko. Bertan, Iurretako bizilagunek herriari buruzko albiste gaurkotuak aurki ditzakete, eta udalerriko kudeaketan modu aktiboan parte hartu ahal izango dute, interes handieneko udal informazioa kontsultatzeaz gain.
 

Iurreta Zabaltzen, herritarren parte-hartzea

zabaltzen.iurreta.eus gobernu irekiko gune berrian, parte-hartzeari eta gardentasunari buruzko ekintzen gaineko azken berriak ikusteko eta Iurreta Zabaltzen plataforman Udalak egiten dituen inkestak erantzuteko aukera eskaintzen da.

Iurreta Zabaltzen webgunean, gardentasuneko atala dago, eta, bertan, udal kudeaketako datu garrantzitsuenak aurkeztuko ditu Udalak: aurrekontuak, Udalaren osaera, sailkako gastuak, udalbatzetako aktak, Antolamendu Plan Nagusia eta beste hainbeste.

Gainera, Iurreta Zabaltzen plataformaren barruan Kalezaindu atala aurki daiteke; hiri-altzarietan izan daitezkeen gorabeheren eta hondatuta dauden, funtzionatzen ez duten edo hobetu daitezkeen beste elementu publikoen berri emateko tresna da.

Iurreta Zabaltzen mugikorrerako App-a

Udalak Iurreta Zabaltzen mugikorrerako aplikazioa jarri du herritarren eskura; horren bitartez, udalerriko azken albisteak irakurtzeko –webgunean argitaratzen diren berberak–, Kalezaindu tresna eskuratzeko eta abisuak berehala jasotzeko aukera izango dute.

Kalezaindu atalari esker, udalerrian matxuraren bat edo akatsen bat ikusiz gero, app horren erabiltzaileek zuzenean eta modu erosoan jakinarazi diezaiokete Udalari. App-ak duen geolokalizazioak gorabeheren gunea kokatzen du, eta gertatutakoaren azalpen labur batekin edota argazki batekin bidaltzen da. Ondoren, Udalak gorabehera horren bilakaeraren berri emango du, erabat konpondu arte.

Bestalde, abisuen edukiak askotarikoak dira: kirol-ekitaldiak, kultura, ikastaroak, jaietako egutegia, larrialdiak, matxurak, eta izena emateko edo eskaerak aurkezteko epeak. Horrela, herritarrek berehala eta erraz jasotzen dute informazioa.

Deskargatu app-a saltokietan, 'Iurreta Zabaltzen' bilatuta.