Albisteak

 

Urteetan zehar Iurretako Udalaren Ongizate Sailak hainbat jarduera burutu ditu Berdintasunerako eta bere konpromisoa adierazi du berriro ere neurri berriak hartuz.

Nabarmendu beharra dago Udalbatzak, apirilaren 7ko Udal Osoko Bilkuran, Tokiko Bizitzan Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasuna Lortzeko Europako Kartarekin bat egiteko erabakia hartu zuela.Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako Europako Kartaren filosofia ideia honetan oinarritzen da: berdintasunean oinarritutako gizartea ezartzeko, ezinbestekoa da udalek generoaren dimentsioa bete-betean sartzea euren politiketan, antolamenduan eta jardueretan.

Bestalde Udalari lotutako eta/edo tokiko elkarteekin sinatzen diren hitzarmenetan klausula bat barne hartuko da hemendik aurrera eta elkarteek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean ezarritako printzipio orokorrak bete beharko ditu, beren jardueretan. Hau da, ezingo dute erabili hizkuntza sexistarik beren dokumentazioan, publizitatean, irudietan edo materialetan; irudi diskriminatzaileak eta estereotipo sexistak saihestuko dituzte; eta sustatuko duten irudian berdintasun balioak, presentzia orekatua, dibertsitatea, erantzunkidetasuna zein rolen eta genero-identitateen aniztasuna islatuko dira.

Ainhoa Albizurik, berdintasunerako zinegotziak adierazi duen bezala “Udaleko sail eta zerbitzu guztietan generoaren perspektiba eta emakume eta gizonen arteko berdintasunerako irizpideak ezartzen joateko konpromiso politikoa hartzea. Horretarako, sustapena ziurtatzeko neurriak jarriko dira, baldintzen agirietan, administrazio klausuletan  eta udaleko kontratazioko preskripzio teknikoetan ere irizpide berriak ezarriko dira”.
 
Hau dala eta , gertu dagoen etorkizunean elkarteen eta gainerako kolaboratzaileen artean jarduera-neurrien dekalogo bat sortuko da, Goiuria Kultur Guneko Jarraipen Batzordearekin batera, beraien tratu eta komunikazio jardunbide egokirako.

Eta noski, orain arte egindako jarduerak ere mantendu egingo dira, hau da, prestakuntza tailerrak, hitzaldiak eta emakumeentzat irakurketa eta literatura tailerrak, Irakurketa-gidaliburuak egin eta zabaltzea, ahalduntzeko tailerrak eta abar luze bat.