Albisteak

Gaikako bilketa 

Urkiola Landa Garapenerako Alkarteak, DIBA kooperatiba eta Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailaren lankidetzaz, "Baserri Hondakinen Gaikako Bilketa" burutuko du Durangaldean 2012an joan den urtean bezala.

Proiektu honen bitartez hondakin plastikoak (negutegiko plastikoak,  eta belar-siloak), fitosanitarioak, zoosanitarioak eta artzain elektrikoen  pilak bilduko dira. Egitasmoaren helbururik nagusiena baserri inguruko lurrak babestea da, nekazaritza eta abeltzaintza jardunean sortzen diren hondakin plastiko desberdinak modu egokian bildu eta birziklatuz.

Fito eta zoosanitarioak, urtean 4 aldiz
Hondakin fito eta zoosanitarioen kasuan parte hartu gura daben baserritarrei edukiontzi berezi bat emongo deutse. Bertan hondakinak gorde beharko dabez bilketa egunean Abadiñoko DIBA kooperatibara eroan arte. Lehenengo bilketa martxoaren 19an eta 20an izango da. Hondakin hauen bilketak hiru hilabetetik hiru hilabetera egingo dira. Hondakin fitosanitarioak eta zoosanitarioak landareak zein abereak osasuntsu hazteko erabiltzen diren produktuen ontzi hutsak dira: ongarrien, herbiziden, eta fungiziden ontzi hutsak, esaterako. Baita xiringak, parasitoen kontrako txertoen ontzi hutsak ere. Bestalde, artzain elektrikoen pilak DIBA Kooperatiban egongo dan eduki ontzi berezian utzi beharko dituzte, urteko edozein egunean.
Martxokoaz gain, 2012an Durangaldean hondakin fitosanitarioak eta zoosanitarioen bilketa ekainak 18-19an; irailak 17-18an; eta abenduak 19-20an burutuko dira. Beti ere, Abadiñoko DIBA kooperatiban jendea hartzeko ordutegian.

Negutegi eta belar-siloen bilketarako izena eman
Durangaldean negutegi eta belar siloen plastikoen bilketarako Urkiola LGAren telefonoan 946203611 edo posta elektronikoan, urkiola@urkiola.org izena eman behar da apirilean 16tik 20ra. Negutegi eta belar-siloen bilketa baserritik baserrira burutuko da. Bilketa eguna apirilaren 26an izango da.  2012an mota honetako bi bilketa egun izango dira; bata apirilean eta bestea urrian. Negutegi eta belar-silo plastikoen bilketa urrian hilak 22an izango da. Izena emateko epea urriaren 15etik 19ra da.
Teknikari batek hondakin emotea baieztatuko dauan albaran bat emongo dau. Gure lurraren osasuna zain dezagun.

Urkiola Landa Garapenerako Alkartea